Doneztebe The Moment taldea nagusitu da Baztan-Errekako 39. Laxoa txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko abu. 6a, 08:57
Aurtengo txapelketako lau talde onenak, sari banaketaren ondotik. Argazkia: Alicia del Castillo

Abuztuaren 4an Oizko plazan jokatutako doneztebarren arteko finalean 9-3 irabazi zion Aviari

Baztan-Errekako 39. Laxoa txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 4an Oizen eta doneztebarren arteko lehian, The Moment taldeak nagusitasunez irabazi zion Avia taldeari, 9-3.

 

Doneztebe The Moment taldean, Pascual Bertiz sakalaria, Julen San Miguel numeroa eta Jokin Arraztoa eta Javier Bertiz laurdenak aritu ziren; Azpitxapeldun izan zen Doneztebe Avia taldearekin Javier Almandoz sakalaria, Asier Mutuberria numeroa, eta Jokin Apezetxea eta Juan Telletxea laurdenak.

Lehenbiziko jokoa txapeldunek egin zuten, baina bana berdindu zuen Aviak. Hurrengo hiru jokoak segidan egin zituen The Moment taldeak (4-1), baina 4-3kora hurbildu zen Avia. Hori izan zen bere azken jokoa, ordea. Txapeldunek, zuzen jokatuz, bertze bortz jokoak segidan egin zituzten, Donezteberentzat hogeigarren txapela lortzeko (15 aldiz txapeldun orde izan da); Iruritak 12 txapel ditu eta bertze hainbertzetan txapeldun orde izan da; Oizek lau txapel ditu eta zazpi aldiz txapeldun orde izan da eta Arraiozek hiru txapel eta lau aldiz bigarren izan da.

Alberto San Miguel oiztarra aritu zen marrazain, eta Doneztebeko Eduardo Oiartzabal eta Iban Santesteban eta Oizko Lander Mendiola epaile.

Sari banaketan, Dori Lopez, Nafarroako Gobernuko Kultura saileko zuzendari nagusia; Josu Janices, Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari ordea; Joxe Artetxe, Pilotarien Biltzarrako presidentea eta Alberto San Miguel bera izan ziren. 

 

Hirugarren postua Iruritara

Larunbat goizean jokatu zen hirugarren posturako norgehiagokan Irurita Migelene taldeak (Xabi Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa, eta Egoitz Prim eta Jagoba Ramos laurdenak) 9-8 irabazi zion Arraioz Sagardia taldeari Mikel Mindegia, Xabier Mindegia, Jon Gamio eta Sergio Navarro).

Sariak banatu ondotik, Herriko Ostatuan afari eder batean bildu ziren jokalari, antolatzaile eta laguntzaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun