Doneztebeko bi talde izanen dira abuztuaren 4an Oizen jokatuko den laxoa txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 30a, 08:53

Doneztebe Avia taldeak aunitz sufritu behar izan zuen bere lehen finalean sartzeko.

Finalerdietako joaneko partidatik emaitza ona ekarri arren, aunitz sufritu behar izan zuen Doneztebe Aviak Arraiozen txartela eskuratzeko

Doneztebeko The Moment eta Avia taldeek jokatuko dute Baztan-Errekako XXXIX. Laxoa txapelketako finala abuztuaren 4an, larunbatean Oizko plazan. The Moment taldeak joan den astean lortu zuen finaleko txartela. Aviak, nahiz eta joaneko partidan emaitza ona lortu (9-3 irabazi zuen), Arraiozen aunitz sufritu zuen kanporaketa erabaki arte, bere lehenbiziko finala lortzeko. Hala ere, bi kanporaketak bikainak izan dira, bai emozioaren aldetik baita jokoaren aldetik ere.

 

FINALERDIAK

JOANEKOAK

JOANEKOAK

Irurita Miguelene – Doneztebe The Moment

9 - 8

Doneztebe Avia – Arraioz Sagardia

9 – 3

 

ITZULIKOAK

ITZULIKOAK

Doneztebe The Moment – Irurita Miguelene

9 – 7

Arraioz Sagardia – Doneztebe Avia

9 – 4

 

ITZULIKO PARTIDA

Arriaoz Sagardia: Mikel Mindegia – Xabier Mindegia – Jon Gamio – Sergio Navarro.

Doneztebe Avia: Javier Almandoz – Asier Mutuberria – Jokin Apezetxea – Juan Telletxea.

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-3, 8-3, 8-4, 9-4.

Iraupena: Ordu bat, 40’

Nahiz eta Bear Zana plazan doneztebarrek emaitza hagitz ona lortu, espero zen bezala ez zegoen dena erabakita. Eta estatistika berriz ere bete egin zen, aurten inork ez duelako lau joko baino gehiago Arraiozko plazan lortu. Baina oraingo garaipena hau mingotsa izan da. 8 joko eta 3 zirelarik, edozein gauza gertatzen ahal zen; gehienek hiru jokotarako luzapena sumatzen zuten. Baina azken momentuan doneztebarrek bertze joko bat egin eta kanporaketa gainditu zuten.

Hasieran partida arras berdindua izan zen; bi taldeetan urduritasuna nabaria. Hirunako berdinketarekin, joko bat aski zuten doneztebarrek, baina Arraioz  jokoak pilatzen joan zen eta bai plazan bai ikusleen artean emozioa, nerbioak eta tentsioa agertzen hasi ziren, partida akitu arte.

Partidan jokaldi ederrak ikusi ahal izan ziren; ona izan zen. Almandoz motz eta azpitik sakatzen hasi zen eta min franko ere egin, gero elizakoestratan pilota sartzen saiatu zen. Mindegiak berriz beti elizako estrata, pareta eta frailetara bideratu zuen bere sakea. Errestotan gehienetan arraia onak egitera joan ziren. Estrategia handiko partida.

Partida honetan ere giro bikaina eta jende anitz. Finalerdiko lau partidak benetan bikainak izan dira, txapelketako onenak. Eta oraindik datorren larunbateko jardunaldia falta da.

 

ABUZTUAK, 4 – LARUNBATA

OIZko PLAZA

11:30ean: 3.-4. postua: Irurita Miguelene – Arraioz Sagardia.

Irurita Miguelene: Xabi Barberena – Gorka Urtasun – Egoitz Prim – Jagoba Ramos.

Arriaoz Sagardia: Mikel Mindegia – Xabier Mindegia – Jon Gamio – Sergio Navarro.

 

17:30ean: FINALA: Doneztebe The Moment – Doneztebe Avia.

Doneztebe The Moment: Pascual Vertiz – Julen San Miguel – Jokin Arraztoa – Javier Vertiz.

Doneztebe Avia: Javier Almandoz – Asier Mutuberria – Jokin Apezetxea – Juan Telletxea.

 

Ondotik sari banaketa eginen dute, txapelak eta trofeoak eta afaria Oizko Herriko Ostatuan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun