«Eskualdeko taldeak ekartzen saiatzen gara jendea erakartzeko»

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 24a, 10:17

Olaia Olazar, ezkerrean, lagun batekin.

Olaia Olazar, Elgorriagako gaztea 

Herrian mugimendua sumatu orduko maletak egin eta Iruñetik sortetxera joaten den elgorriagar gaztea da Olaia Olazar. Egunerokoarekin hausteko «bi egunetarako bada ere» herritik atera eta «tokiak ezagutuz» oporren lasaitasuna arnastea, «kontzertuetara joatea» edo «besta pixka bat» egitea du gustuko, «bakoitza bere momentuan». 

 

Neguan «bi edo hiru astetik behin» ateratzen bada ere, udan «besta guttiago» egin ohi du: «eguzkiaz gozatzeko hondartzara edo asteburu pasa joatea gustatzen zait, egunari ahal bezainbertzeko etekina ateratzea». Halere, herriko bestetan «ez dut hutsik egiten». Azken batean, lau egunez herritar guztiak «etxetik plazara» ateratzeko egun «bereziak» dira: «haur, gazte eta helduak elkarrekin egoten gara eta giro ederra sortzen da». Egun guztia «etxetik kanpo» ematen dutenez, «lanean pentsatzeko tarterik ez dugu hartzen» erran digu irriz.

 

Urtez urte hobetuz

Elkarrekin gozatu ahal izateko, ordea, «denen artean» antolatzen dituzte bestak: «aitzineko urteetakoa hobetzen eta berrikuntzak txertatzen saiatzen gara; beti ere, tradizioari eutsiz». Gazteek, erraterako, plazan txosna paratzen dute: «ordutegiak erabaki eta txandak zozketatuz egiten dugu banaketa, baina momenturen batean laguntza behar izanez gero, beti dago boluntarioren bat». Ostatuan irabazitako diruarekin ortziraleko kontzertuak ordaintzen dituzte. Helburua «ahalik eta jende gehien erakartzea» izaki, ortziralean «eskualdeko taldeak ekartzen saiatzen gara». Batetik, eskualdeko taldeei eta bertzetik herri ttikietako bestei eustea garrantzitsua dela uste duenez, Elgorriagako bestetara joateko deia egin du Olazarrek:«inguruko herritarrak Elgorriagako bestetara animatu nahi nituzke».

Besta egunaren ondotik, biharamun ilunari aitzin hartzeko «egunean zehar dauden ekitaldiei etekin atera eta gaua laburtzea» aukera ona izan daitekeela erran digu, baina gaua ere «aunitz» gustatzen zaionez, azkenekoak egindako kalteak badu sendabidea: «gero amatxiren edo amaren salda edan eta etxean ez gelditzea» dira elgorriagar gazteak dituen bi sekretuak. Horrela hondar eguneko «momentu hoberenera, zikiro jatera» arte indarberrituta egotea lortzen du. Hori bai, aukera izanez gero, herriko bestak akituta aste pare batez «atseden hartzeak ez dio inori kalterik egiten» adierazi digu irri artean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun