Ortziraletik hasi eta astelehenera bitarte, han eta hemen ibiliko da: «ortziralean lagunekin nire etxean biltzen gara, afaldu eta mahai-inguru ederra egiten dugu; larunbata egunez bizi dut, arratserako etxera joaten naiz; igandeko familiarteko bazkarian giro polita sortzen dugu; eta astelehenean, azken urteetan bezala, herri-bazkarira seme-alabekin joatea tokatuz gero ere, ez dut hutsik eginen».
Bien bitartean, besten aitzakiapean antolatzen duten frontenis txapelketan ere ibili da aurten Altxu, lehendabizikoz: «niretzat ordutxo bat izateko aukera zela ikusi nuen, kirola gustatzen zaidala aintzat hartuz... izena eman nuen». Lagun arteko giroan aritzea «arront polita» izan dela eta «arront gustura» aritu dela nabarmendu nahi izan du. Orain artean eginiko partiden emaitzak «nahiko kaxkarrak» izan badira ere, badute bestetako finalean parte hartzeko aukerarik: «zail ikusten dut baina azken emaitzak ikusi arte ezin etsi» dio irriz.
Batek galdua, bertzeak irabazi
Urteetan gaua «aunitz» gustatuagatik, azken urteetan egunez besta «gehiago» egiten du. Halere, horrek bere onurak dituela adierazi digu: «horrela, hurrengo egunari probetxu ateratzen diot». Areago, azken urteetan «egunez, momenturo, haur, gazte eta helduek gozatzeko ekitaldiak» daudela iruditzen zaio: «ez dago aspertzeko arrazoirik».
Ekitaldiren bat aukeratu beharko balu, azken urteetan «larunbat ilunabarrean izaten den elektrotxaranga aukeratuko nuke» erran digu: «batetik, dantza giro hori gustuko dudalako eta jende aunitz mugiarazten duelako; eta bertzetik, egunez izaki, badudalako seme-alabekin gozatzerik». Horrek bestei «ekarpen polita» egin diela iruditzen zaio.
Halere, bestetan egunak irabazitakoa gauak galdu duela uste du: «pena ematen dit gaua itzaltzen ari dela ikusteak». Ortziralean, bereziki, «dezente egin du beheiti», adierazi digu. Arrazoi nagusia «gehienetan, asteburu berean, Baztandarren Biltzarra izatea» dela uste du Iturengo gazteak. Herrikoendako akaso «nahikoa» izanagatik, berak, pertsonalki, jende gehixeago bertaratzeak «bestak bizituko lituzkela» uste du. Hori horrela, eta aurten Baztandarren Biltzarra batera tokatzen ez dela ikusita, inguruko herritarrei deia luzatu nahi izan die: «herri eta plaza giroan ederki pasatzeko aukera ona da, animatu!».