Juan Telletxea, Doneztebeko gaztea: «Nahi duenak gozamenerako aukera badu»

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 27a, 09:17

Juan Telletxea, suziria pisten zinegotzia zeneko garaian.

Urteen joan-etorrian, Juan Telletxeari bestetako ardurak aunitz aldatu zaizkio. Hamabi bat urte zituela, aizkoran hasi zen eta «hogei urtez ikuskizun batzutan, Nafarroako txapelketetan eta herriko bestetan» parte hartu izan du: «apustua pasatu arte bestarik ez egitea zen zailena, orduan egunez aprobetxatzen nuen».

 

 

 

Ardura bat utzi, bertzea hartu

Zinegotzia zenean, berriz, «egiteko gehiago izaten nituen, ekitaldiz ekitaldi ibili behar izaten nuen, gaur udalean daudenek egiten duten bezalatsu». Orain, antolaketa aldetiko ardurak guttituagatik, «aita izatearenak hartu ditut». Ardura aldaketak bestak bizitzeko modua aldatzea eragin badio ere, gogoa bizi-bizi mantentzen du.

Guztia, ordea, ez da errotik aldatu. Mus txapelketa antolatzen «beti bota izan dut esku bat, eta azken urteetan nire gain hartu dut horren erantzukizuna». Bikoteak apuntatzen eta partiden zozketak egiten aritzen da: «20-25 bat bikote izaten gara, bezperako parrandaren arabera gazte gehiago edo guttiagok ematen dute izena. Azken urteetan bikote kopurua pixka bat goititu da». Antolaketa-lanak ez dute zama handiegirik Telletxearentzat: «nik ere badut muserako zaletasuna eta txapelketan jokatzen dut… horregatik, arront gustura egiten dut». Familiako aita izateak ere ez dio giro guztiak probatzea galarazten: «egunez familiarekin eta gauren batean kuadrillarekin ateratzen naiz».

 

Bertso besta

Besta eta bertso giroa izugarri gustatzen zaio Juan Telletxeari eta batak bertzea dakarrela uste duenez, berriki helduen bertso eskolan ibili da doneztebarra: «aitzineko bi urtetan izena eman nuen eta ez zen talderik osatu; aurten lortu dugu. Igandero etxean ikusten genituen Hitzetik hortzera saioak dira zaletasun horren eragile, aizkoran bezala, aitaren zaletasuna neureganatu dut». Hamalau lagun bildu dira eta «giro bikaina» izan dugunez «heldu den urtean errepikatzeko asmoz» dago Juan Telletxea. Bien bitartean, ikasitakoa ez atzentzeko «Donezteben mahai inguruan kantatzeko ohiturarik ez dagoenez, Eratsunen aprobetxatu behar izaten dut». Baina Doneztebeko bestetan mahai inguruan ez izanagatik, «akaso barrako txokotik» entzunen ditugu Telletxearen bertsoak.

 

Egunetik gauera

Bestetan izaten dituen ardurak eta bestak bizitzeko modua ez ezik, bestak ere aunitz aldatu direla kontatu digu Telletxeak «urte aunitz pasa dira». Besta «haundiena egunekoa zen lehen; gauekoa da orain». Plaza giroak indarra galdu du, «ostatuak gailendu zaizkio». Eta ekitaldi batzuen «bakillak eta kukaña, erraterako» ordez, bertze batzuk antolatzen dira. Baina, aldaketak aldaketa, «nahi duenak gozamenerako aukera badu» nabarmendu nahi izan du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun