«Erraldoiei bultzadatxo bat ematea polita litzateke»

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 27a, 09:00

Idoia eta Maialen Zamorano ahizpak, dantzan.

Idoia Zamorano eta Maialen Zamorano, Doneztebeko ahizpa dantzariak eta musikariak

Musika eta dantza zaletasun dituzten Doneztebeko gazteak dira Maialen eta Idoia Zamorano ahizpak. Herriko bestetan biak uztartzeko aukera izaten dute, batzuetan karriketan gatza eta piperra jartzen ibiltzen dira; bertzeetan, berriz, gatza eta piperra dastatzen. 

 

Han eta hemen, dena gozamen

Txistua jotzen, dantzan, herri bazkariko giroaz gozatzen… han eta hemen ikusiko ditugu aurten ere: «lantokian besta eskatu eta baiezkoa erantzunez gero, bortz egun horietan ez dago etxean gelditzeko aitzakiarik!». Bereziki, San Pedro Eguneko ekitaldien bueltan sortzen den giroa dute gustuko: «goizetik patroiaren omenezko mezan jende aunitz biltzen da eta ondotik, Trapatan eta bandera dantzek ikusmira handia eragiten dute». Eguerdiko bazkaria «familia elkartzeko aitzakia polita da» eta arratsaldean, Erreka dantza taldearen emanaldi berezia ikustera «adin guztietakoak bertaratzen dira».

Momentu guztiek beraien xarma badute ere, Zamorano ahizpentzat azken eguneko herri bazkaria eta Errekak, San Pedro Egunerako, prestatzen duen ikuskizun berezia «hutsik egin gabekoak dira». Dantza munduan «lau urte genituela hasi ginen eta urte aunitzez San Pedro Eguneko ekitaldian parte hartu dugu». Duela bi urte dantza taldeko kide izateari utzi bazieten ere, urte horiek guztiek atzetik dagoen lana, barrutik bizi duten ilusioa eta jartzen duten gogoa hurbiletik ezagutzeko bide eman zieten: «dantzarako grina ez zaigu itzali, orain ikusle bezala bizi dugu».

 

Etxetik plazara

Era berean, hondar eguneko herri bazkarian, «haurrak, gazteak eta helduak mahai-inguruan biltzeak guztiok momentu beraz gozatzeko bide ematen duenez gero, ekitaldia bestak borobiltzeko modukoa da». Areago, erreka igoeraren bidez «bukaera berezia ematen diegu».  Normalean, arratsaldean hasitakoari gauez ematen diete segida. Aurten, ordea, larunbat goizean ez dute piper eginen: «gaita eta atabala ikastaroan ikasitakoa plazaratzeko plazerra izanen dugu». Azaroan ekin zieten ikastaroari eta orduz geroztik, Tomas eta Shanti Diaz aita-semeen eskutik, eta Joseba Indabereren laguntzaz, hainbat saio izan dituzte: «larunbat goizetan, ordu eta erdiz, hogei eta berrogei urte bitarteko hamabortz bat musikari biltzen gara».

Beraien artean duten giroa «izugarria» dela eta «elkarrengandik aunitz ikas dezaketela» nabarmendu nahi izan dute. Gela barruan ikasitakoari etekina ateratzeko eta karrikak alaitzeko ideia «irakasleari bururatu zitzaion» eta bi ahizpen ustez «gure buruan sinisteko eta guregan konfiantza izateko» urrats garrantzitsua izan da.

 

Elkarren sustengu eta osagarri

Ikastaroan izen-emateko erabakia «elkarren arrimuan» eman zuten ahizpek «eta ez dugu damurik». Ez batak ez bertzeak oinarrizko jakintzarik gabe ekin zuten bidea: «instrumentu hauekin hutsetik hasi ginen». Edonola ere, ordurako ahizpetan gazteenak, Idoiak, bateria eta zaharrenak, Maialenek, txistua jotzen bazekitenez, «argi» zuten banaketa: «haizezko instrumentua txistulariarentzat eta perkusio instrumentua bateria-jolearentzat behar zuen». Lehen emanaldia Pintxo Lehiaketan eman zuten, eta «urduritasuna agerikoa bazen ere, gustura gelditu ginen». Hamar pieza inguru jo zituzten «uste baino hobe atera zen, jendearengan harridura antzeman genuen eta akitu orduko hurrengo ekitaldia ailegatzeko desiotan ginen».

 

Aldaketa ttikiak, erraldoietarako bide

Eguna ailegatzeko atarian, berriz ere urduritasunak sumatzeko gogotsu daude Zamoranotarrak. Aurtengo berrikuntzak «berrikuntza izate hutsagatik ez ezik, herritarrak izateagatik» haize freskoa ekarriko duela uste dute. Areago, gauza batek bertzea eskatzen duenez, hori «erraldoiei bultzadatto bat emateko baliatzea polita izan daitekeela» uste dute. Bien bitartean, aurtengoez gozatzeko prest daude ahizpak. Jantzi zuriak eta zapi gorria txukun-txukun dituzte, «eta ez ditugu berehalakoan kenduko».

Sanpedroak akitu eta sanferminetara joanen dira: «aita lesakarra da, bere iturritik edan dugu, beraz harena da sanferminak horrenbertze gustatzearen ardura» adierazi dute irriz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun