«Lehen sektoreak balioetsia izateko bultzada behar du»

Nerea Bazterrika 2018ko eka. 16a, 08:41
Lehen sektorearekin lotutako hainbat ikerketa egin ditu Olaia Urrutia saldiastarrak.

OLAIA URRUTIA, Saldiasko agronomia-ingeniaria

Ikerketan egin duen hamarkada eskaseko ibilbidean urrats irmoak eman ditu Urrutiak. Besteak beste, egin duen doktoretza-tesiari esker, bildots haragi osasungarriagoa lortu du.

Asko ikusia, asko ikasia da Olaia Urrutia (Saldias, 1986). Familiak abeltzantzarekiko izan duen atxikimenduak eta diseinu arloa gustuko izateak eraginda, agronomia-ingeniaritza ikasi zuen, bi zaletasunak uztartzeko bide eman ziona. Hastapen urrats horien ondotik, agrobioteknologiarekin loturako masterra egin eta bioteknologiako tesia aurkeztu zuen, bildots haragi osasuntsuagoa lortu zuen. Egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zenbait irakasgaitan laguntza eskaintzeaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertaldearekin batera, ikerlan batzuetan murgilduta dabil. 

 

Zer eragin izan dute inguruneak eta ingurukoek zure ibilbidean?

Batetik, herrian hazi eta bizi izanak animaliekin hartu-eman zuzena izatea ahalbidetu dit; eta bestetik, familian abeltzainak izateak animaliekiko lotura sendotu du. Aitak, beste bi kiderekin, urte askoz esne-behiekin lanean jardun du eta egun esnetako ardien ustiategia dute. Horri nire diseinu  arloko zaletasuna gehitu behar zaio. Agronomia-ingenieritzak dena biltzeko bide eman dit. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi familiak hori guztia aurrera eramateko eskaini didan laguntza. Aita askotan galdera pila batekin erotzen nuen...

Ingenieritza bukatu ondotik masterra eta tesia ere egin dituzu...

Agrobioteknologiako masterra eta bioteknologiarekin erlazionatutako tesia egin ditut. Bien bitartean, tesiarekin lotura zuzenik ez zuten proiektu batzuetan aritu naiz ikerlanean. Horietako bat txekor haragiarekin lotua izan zen, piriniotar edo frisiar arrazako txekorrekin, zehazki. Txekor horien muskuluetan gantzaren deposizioa nola gertatzen den landu genuen, haragiaren kalitatea hobetzeko helburuz. Albaikide enpresarekin ere hartu-emanean dihardugu. Frisiar arrazako esne-behien in vitro bidezko ernalketa lantzen ari gara. Besteak beste, 2016ko irailean Baztango ustiategi batean metodologia hori erabiliz bi txahal jaiotzea lortu genuen. Txahal horien ama ezusteko istripu baten ondorioz hil behar izanagatik, behi horrek ondorengoak uztea lortu genuen.

Bederatzi kongresu eskaini dituzu...

Bai, Norvegian, Australian, Frantzian, Danimarkan, Estonian eta gainerakoak Zaragozan. Kongresu horiei esker animalia ekoizpenari buruzko azken ikerketak, azken metodologiak eta ideiak ezagutu eta asko ikasi dut. Era berean, arlo berean lan egiten duen jendea ezagutu eta bidaiatzeko aukera eskaini dit. Izugarri gustatzen zait.

Zerk bultzatuta eman zenuen tesia egiteko urratsa?

Bai ikasketa bukaerako, bai eta master bukaerako praktikak ere, biologia molekularreko laborategian egin nituen eta horiek egiterako momentuan ikerketa gustuko nuela ohartu nintzen. Hori horrela, 2011an ikerketa munduan sartu nintzen. Ordutik murgilduta nabil.

Zein izan zen tesiaren abiapuntua?

Azken urteetan kontsumitzaileek beraien dietetan elikagai osasuntsuak sartzeko duten ardura handitu da. Hori horrela, eta hausnarkarien haragian gantz-azido aseek proportzio nabarmena dutela kontuan hartuz, omega-3 gantz-azidoak animalien dietan sartu eta honek haragiaren gantz-azidoen konposizioan zuen eragina aztertzea izan zen abiapuntua.

Besteak beste, Nafarroako ardi-aziendak duen tradizio historikoa bildu duzu. Bilakaeraz zer esan dezakezu?

Tradizio historiko handia duen azienda da. Hala ere, azken hamarkadan gainbehera handia izan du. Animalia eta ustiategi kopurua %40 eta %9 jaitsi dira, hurrenez hurren. Era berean, bildots haragiaren kontsumoak nabarmen egin du beheiti. Joeraren berri banuen arren, datuak ikustean altuak zirela berretsi nuen.

Zein izan da lanaren helburu nagusia?

Gantz-azido poliasegabeetan aberatsak diren lehengaiak (linaziak, txia haziak eta itsas-mikroalgak) Nafarroako arrazako bildotsen dietan sartzeak duen eragina aztertzea. Eragin hori, besteak beste, gantz-azidoen metabolismoarekin erlazioa duten geneen-adierazpenean izan dut aztergai.

Hiru entsegu egin dituzu. Zer egin duzue bakoitzean eta zein izan dira emaitza nagusiak?

Lehenengo entseguan Nafarroako arrazako 36 bildots ar hiru taldetan banatu eta ohiko dieta eman zitzaien (garagarra, soja eta lastoa). Bigarren taldeari elikagai horiez gain, %5a linazia eman zitzaion; eta hirugarrenari %10a. Bigarren entseguan ere hiru talde egin ziren. Lehenak garagarra, soja eta lastoa jan zituzten, bigarrenak %10a linaziak eta hirugarrenak %10a txia haziak. Emaitzek linazia eta txia hazia zuten dietaz elikatu ziren bildotsek ez zutela hazkuntza alde nabarmenik izan adierazi zuten. Aitzitik, omega-3 kantitatea handitu eta omega-6 eta omega-3 gantzen erlazioa hobetu zuen.Hirugarren entseguan bi talde egin ziren: batetik, %10ean ohiko linaziak zituen dieta eman zitzaiena; eta bestetik, garagarra, soja, lastolinaziak eta mikroalgak zituen dietak. Emaitzek aditzera eman zutenez, mikroalgek bildotsen hazkuntzan eragin negatiboa dute. Gantz-azidoen konposizioari dagokionez, emaitza hobeak izan ziren. Izan ere, osasungarria den DHA gantz-azidoa igotzea lortu zen. Halere, algen erabilerak haragian usain eta zapore arraroak eragin zituen. Bestalde, bitxikeria moduan, lihoa zeraman bildots haragia dastatu zutenek bildots haragia ez zitzaiela besteetan bezain pisutsua egin adierazi zuten. Baina hori ez genuen neurtu...

Zein izan ziren tesiaren ondorio nagusiak?

Linaziak eta txia haziak bildotsen dietan barneratzeak ez zuen ez bildotsen hazkuntzan ez haragiaren kalitate sentsorialean aldaketa nabarmenik izan. Algak txertatzeak, ordea, bi parametro horietan eragin negatiboa izan zuen. Bestalde, liho, txia eta algen erabilerak osasungarriagoak diren haragiaren gantz-azidoen hobekuntza eragin zuen.

Ondorio horiek aintzat hartzeak zein onura eragin ditzake?

Etorkizunean animalientzat egingo diren nutrizio estrategietan kontuan hartzeak gantz-azido poliasegabeen iturria zein den jakiten eta inklusio mailaren aukeraketan lagun dezake. Horrela, gantz-azido poliasegabeen aberastasuna lor daiteke.

Tesiak izan duen harrera eta oihartzuna espero zenuen?

Egia esan ez. Niretzat lehen sektorearekin lotutako lan honek horrelako harrera izan duela ikustea oso pozgarria izan da. Lehen sektoreak, behar bezala balioetsia izateko, bultzada bat behar du.

Orain, baduzu beste lanik esku artean?

Aipatu dudan piriniar eta frisiar arrazako txekorrekin eginiko proiektuaren harira, artikulu zientifikoaren idazketa egiten ari gara orain. Gainera, gene-adierazpena neurtzeko eskuragarri dauden metodologiak ikasten eta lantzen ere badihardugu. Horretarako, berriki Irlandako ikerketa  zentro batean egonaldi bat egin dut. Bestalde, in vitro enbrioiekin erlazionatutako beste proiektu bat ere badugu esku artean. Esne-behiekin lotuta, Gipuzkoako zenbait ikuilutan genomika arloan egiten ari diren proiektu batean ari gara lanean. Bien bitartean, unibertsitatean zenbait irakasgaitan klaseak eta ikasleen ikasketa bukaerako lanak ere bideratzen ari naiz.

Etorkizunera begira baduzu aurreikuspenik?

Buruan beti ditut ikertuko nituzkeen ideiak. Esate baterako, lipidoak odoletik zeluletara sartzeko prozesuan  parte hartzen duen gene batek grasaren deposizioan funtzio garrantzitsua izan dezakeela pentsatzen dut. Eragin hori, noizbait, baldintzak aldatuz, sakonki aztertzea gustatuko litzaidake. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun