Partida parekatua eskaini zuten eta lauen artean, Eloy Garcia bera izan zen protagonista. Izan ere, 21 tanto egin zituen eta pilota bakarra galdu zuen. Ez dira nolanahiko zenbakiak, batez ere lehen partida zuela kontuan hartuz. Oraindik indarra falta du, baina adituek diotenez, pilotari pilotaria da eta gutti galtzen du.
Espero zenuen hain gazte izanik profesionaletan debutatzea?
Horretarako jokatu eta entrenatzen nuen, noizbait debutatu ahal izateko, baina ez dut indar handirik eta ez diot erremonteari eragiten bertze batzuk bezala. Ilusioz eta urduritasunez hartu nuen.
Nola hasi zinen erremontean?
Ttikitan eskuz aritzen nintzen, baina azkenean arazoak nituen, eskutako mina… Erremontean ez da horrelakorik. Doneztebeko erremonte eskolan hasi nintzen, 14-15 urterekin eta gustatu egin zitzaidan. Gero, Euskal Jai Fundazioan entrenatu nuen. Berriz bueltatzean Donezteben Julen San Miguelekin eta orain berriz ere Fundazioan aunitz ikasi dut. Fundazioko eta Iruñeko Alde Zaharreko erremonte torneoak jokatu ditut afizionatutan eta bietan, promozio mailan txapeldun suertatu naiz, Azpirozekin bikote eginez.
Zein dira zure ezaugarriak?
Indar handirik ez dudanez, frontoi laburrean hobe moldatzen naiz, hor norbera eta pilota ongi kokatzea da garrantzitsuena. Indarrean eta erresistentzian hobetu behar dut, partidak ongi akitzeko.
Zein helburu jartzen dizkiozu zure buruari?
Ongi jokatzea eta lotsagarri ez gelditzea. Nire maila hobetu nahi dut eta ikusi nora ailegatzen ahal naizen.
Erremontelaririk gogokoena?
Aritz Juanenea saldiastarra laguna dut eta gustatzen zait nola aritzen den.