Larunbateko Errekaren Egunari goizean goizetik probetxua ateratzeko, 08:30ean Malerrekan barna (errepidez) bizikleta ibilaldia eginen dute. 56 kilometroko ibilbidea prestatu dute, Pepas kafeteigitik abiatuta, Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oiz, Urroz, Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Zubieta, Ituren eta Elgorriagatik igarota, berriz ere Donezteben helmugaratzeko. Denei irekia izanen da, guztiz herrikoia eta beraz, parte hartzeko deia egin dute Erreka elkartetik.
10:00etan gazteen eskubaloia izanen da eta eguerdiko 12:00etan judoa. Bien bitartean, esku pilota partidak izanen dira ikusgai, pilotalekuan. Arratsaldea kadeteen arteko partiduarekin gasiko dute eta ordubeteren buruan, beteranoak eta seniorrak ariko dira aurrez aurre. Partiduen artean Errekako dantza taldeak erakustaldia eskainiko du eta ondotik zozketak eginen dituzte.
19:30ean trikitixaren doinupean poteoa eginen dute, kiroldegitik abiatuta; eta 21:00etan Herri Afaria izanen dute: hasteko, txorizoa sagardotan, patea, salda, ajoarrieroa, txuleta, izozkia, kafea eta kopa. Sorpresatxoren bat ere izanen dela aitzineratu dute. Eguna Oharkabe taldeak alaitutako gaupasarekin bukatuko dute.
Bezperatik ekitaldiak
Bezperatik mugimendua izanen da herrian. 17:00etatik 20:00etara puzgarriak izanen dira kiroldegi parean eta 18:00etan umeak eskubaloian ariko dira. Afalondoan, 22:00etan mus txapelketa izanen da. Irabazleek 300 euro eta bigarrenek 100 euro jasoko dituzte.