Lehendabiziko aldiz argazki rallya antolatu du Doneztebeko Udalak maiatzaren 19rako

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 16a, 09:12
Larunbat arratsaldean Iciar Mikelperizenak bideratutako pintura tailerra eginen dute eta bere ikasleen lanen erakusketa Santa Luzia Plazan.

Iñaki Atxa eta Josu Inziarte epaimahaikideek aukeratuko dituzte argazkirik onenak larunbat goizeko lehiaketan

Ez da aspertzeko astirik izanen asteburu honetan Donezteben, larunbatean eta igandean ekitaldiak izanen baitira. Larunbat goizean, udalak lehen aldiz antolatutako argazgi rallya eginen dute, arratsaldean pintura tailerra eta igandean Dantza Eguna.

 

Larunbatean, maiatzak 19, argazki rallya antolatu du Udalak. Halako ekimen bat egiten den lehenbiziko aldia da eta rallya bi gairen ingurukoa izanen da. Parte-hartzaileek 09:00etatik 10.00etara Herrigunean izena emateko aukera izanen dute, dohainik. Izena ematerakoan jasoko dituzte argibideak: gaiak, ordutegiak, zehaztapen teknikoak… Rallya akitzean, parte-hartzaileek egindako lanak aurkeztuko dituzte. Iñaki Atxa eta Josu Inziartek osatuko dute epaimahaia eta lanak baloratu ondotik, bertze egun batean emanen dute irabazleen berri.

Rallyan jorratutako gai bakoitzak bere irabazlea izanen du eta ehun euro hartuko dituzte. Bi sari horiez gain, Udalak bertze 50eko bi sari emanen ditu: bat bertako argazkilaririk hoberenari eta bertzea argazkilari gazte hoberenari. Sari guztiak bertako saltokietan gastatzeko izanen dira.

Egitasmo honekin argazki bilduma baten hasiera bultzatu nahi du Udalak, herriko irudiak eta txokoak bilduz.

 

Arratsaldean pintura tailerra

Larunbatean, arratsaldez,  pintura tailerra eginen da Santa Luzia plazan, 16:00etatik 18:00etara. Iciar Mikelperizena margolariak bideratuko du tailerra eta horrez gain, bere ikasleek ikasturte osoan egindako lanen erakusketa antolatuko dute. Tailerraren helburua haur, gazte eta helduek margotzea, gozatzea eta barrenean duten artista askatzea da. Tailerraren bukaeran berendua eginen dute.

 

Igandean Dantza Eguna

Igande honetan, hilak 20, Dantza Eguna ospatuko dute. 11:00etan, Rebeca Dantza Akademiako kideek eta animatzen direnek Galbaraialde ibilbideko baranda erabiliko dute dantza erakustaldi bat egiteko. 12:00etan, berriz, Santa Luzia plazan hainbat estilotako dantzen erakustaldia eginen dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun