14 ahari aurkeztu dira Doneztebeko udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 11a, 18:50
Ahari lehiaketako saridunak

Lehenbiziko sariak Ezkurrako Etxenera eta Donamariko Xabaltenera joan dira

Doneztebeko Udaberriko feria hamabigarren aldiz ospatu da gaur, maiatzaren 11n, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. 14 ahari aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino zortzi guttiago.

11:00etatik eguerdiko ordubatetara hamabigarren ahari lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten hamalau buru aurkeztu dira lehiaketara. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, sei ahari muturbeltz eder aurkeztu ziren. Horien artean, azken bi urteetan bezala, Donamariko Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria. Bigarren saria, 70 euro, Beintza-Labaiengo Iñarreko Pablo Elizondoren ahariarendako izan da eta hirugarrena, 50 euro, Beintza-Labaiengo Pepe Etxeberriarendako.

Mutur gorrien atalean, zortzi buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Ezkurrako Etxeneko Jose Luis Marizkurrenak aurkeztutako ahariarentzat izan da. Bigarren saria Donamariko Sorameneko Nicolas Lasagak ahariak eskuratu du eta hirugarrena Doneztebeko Koro Antxorenarenak. Alfredo Basterra albaitariak, Patxiku Mitxelena zubietarrak eta Xanti Uterga Doneztebeko alkateak osatu dute epaimahaia.

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu zen ortziral eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi, zaldi eta astoekin. Gainera, azken urteetan bezala, elizako gorapean izan ordez, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu diren eskualdeko eskulangileek eta   Doneztebarrak elkarteko merkatariek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dedin. Eskulangileei dagokienez, honako hauek parte hartu dute Merkatuko Plaza inguruan: grabatuak (Doneztebeko Jose Luis Olaizola); etxeko gozogintza, (Doneztebeko Roskilule); taloak (Zubietako Joxepa Loiarte); jantzigintza (Zubietako Fausti Juanikorena); ukenduak (Zubietako Maria Salanueva); Kosmetika Naturala (Urrozko Marimar Torres); jantzi-osagarriak (Saldiasko Ahinitz Gerrikagoitia); zilarra (Eratsungo Malu Alvarez) eta Nafarroa Oinezeko postua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun