Solaslaguna egitasmoaren harira, Malerrekako txoko ederrak ezagutzeko mendi itzulia eginen dute

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 6a, 11:45
Mendi itzulia egin ondotik, 14:00etan Kattalin aterpetxean bazkalduko dute

Maiatzaren 12an, 09:30ean, Doneztebeko Ekaitza ostatuan dute hitzordua

Heldu den larunbatean, maiatzaren 12an, Solaslaguna egitasmoaren harira, Malerrekako txoko ederrak ezagutzeko, bi ordu inguruko mendi itzulia izanen dute. Bertzeak bertze, Legarrea zuloa ikusteko eta bertako istorioa entzuteko geldialdia eginen dute.

 

Doneztebeko Ekaitza ostatuan, 09:30ean dute hitzordua. Bertatik abiatuko dira eta Legarrea zuloa ikusi ondotik, nahi dutenek Legasara jausteko aukera izanen dute; bertzeak, aldiz, autoz eginen dute buelta. Parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz solastatzea izanen da; eta beraz, parte hartu nahi duen edonork izanen du aukera. 14:00 aldera Kattalin aterpetxean bazkalduko dute. Izen-ematea 610 920673 telefonora deituz edo solaslaguna@topagunea.eus helbidera idatziz egin daiteke.

Mintza Eguna eta ikasturtea agurtzeko hitzordua ekainean

Mendi itzuliaz gainera, udaberrian bertze ekitaldi batzuk ere izanen dituzte. Ekainaren 2an, larunbatean, Mintza Eguna izanen dute Hondarribian. Ekainaren 17an, berriz, igandean, ikasturtea agurtzeko mendi ibilaldia eginen dute. Bukaera borobila emateko Arantzatik Mendaurrera igoko dira, mintzakide eta mintzalagunekin batera. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun