Haurren minbiziari aurre egiteko 7.000 euro baino gehiago bildu dituzte apirilaren 28an Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 2a, 10:34

ADANO elkartearen eta Neuroblastoma Fundazioaren alde egin zen besta eguna 

Nafarroan minbizia duten haurrak eta senideak biltzen dituen ADANO Elkartearen aldeko besta arrakastatsua suertatu zen apirilaren 28an Elgorriagan. Jende aunitz hurbildu zen eta ADANO elkarterako nahiz Neuroblastoma Fundaziorako 7.000 euro baino gehiago bildu zituen Elgorriaga Solidarioak.

 

Egunean ekintza aunitz egin zituzten. Toka, haurrentzat talerrak, DJ eta abar. Eguerdian paella izan zuten jateko eta bertan solastatu zen Maitaneren ama, Oihana. Eritasuna agertzen den egunetik aitzinera zer nolako aldaketa izaten duen familiaren bizitzak azaldu zuen eta berak kontatutako gauzekin momentu hunkigarriak izan zituzten entzuleek. Erran behar da Maitanek daukan Neuroblastoma eritasuna dela-eta antolatu dela besta hau, eritasunari aurre egiteko inbestigazioan segitzeko modu bakarra delakoz. Egunen zehar ADANOren kamisetak, pultserak, boligrafoak eta bertze materialak saldu ziren. Antolatzaileek emandako datuen arabera, Neuroblastoma Fundaziorako 3.000 euro bildu ziren eta ADANO elkartearentzako bertze 2.686,55 euro. Gainera, elkartearen material salmentarekin bertze 1.340 euro lortu ziren.

Bazkaltzera etorri zen jendeen artean zegoen Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria eta arratsaldez etorri zen ADANO elkartea sortu zuen medikua, Javier Molina. Elkarte honek minbizia duten haurrekin eta hauen familiekin lan egiten du, beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Arratsaldez, DJ bat aritu zen eta opari pila zozketatu ziren. Herritar eta enpresa aunitzen laguntza izan zen eguna behar bezala ateratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun