Herri-galdeketako hautetsontziak asteburu honetan irekiko dituzte Malerreka eta Bertizaranan

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 26a, 13:14

 

Egun haundia maiatzaren 6a izanen badute ere, Malerreka eta Bertizaranako herri batzuetan asteburu honetan hasiko dira erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketako botoak biltzen. Zehazki, Donezteben, Elgorriagan, Iturenen eta Legasan izanen da botoa emateko aukera. Zubietan eta Donamarian, ordea, maiatzaren 6a izanen dute botoa emateko egun bakarra.

 

Donezteben, larunbat honetan, apirilak 28, 11:30etik 14:30era Shanti ostatuaren ondoan ematen ahalko da botoa, baita maiatzaren 3an eta 4an ere, 18:30etik 20:30era, eliz atarian.

Elgorriagan ere, egun horiek aukeratu dituzte aldez aurretiko botoa emateko: larunbat honetako arratsaldean eta maiatzaren 3an eta 4an ere arratsaldean.

Iturenen, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean hautetsontziak zabalik izanen dira, astelehenean 11:00etatik 14:00etara eta maiatzaren 1ean, ordu berean eta 18:00etatik 20:00etara.

Legasan, berriz, ortzirale eta larunbat honetan Kuku elkartean bilduko dituzte botoak, 20:00etatik 22:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun