Igandeko omenaldia goizeko bederatzietan hasi zen Iturengo plazan. Aitzinetik, joaldunak ibili ziren eta ikurriña zeramaten lagunak joan ziren plaza erdiraino. Erregerenaren senideak zeuden plaza erdian, bere hautsak zituen kutxarekin. Bertsolariak, abeslariak eta txalapartariak aritu ziren eta Aurreskua dantzatu zitzaion.
Ondotik, Iturendik Mendaurko presara abiatu zen ibilgailu karabana. Berriz ere joaldunen joan-etorrien ondotik ekitaldia egin zitzaion Erregerenari. LAB sindikatuko ordezkariak eta lagunak solastatu ziren, berak egindako lanak nabarmenduz eta alargunari oroigarriak emanez. Ekitaldiaren ondotik, Mendaurko kaxkora joan ziren eta hantxe hedatu zituzten Enrike Erregerena zenaren hautsak.