Herri galdeketaren aldeko sinadurak biltzeko ekitaldiak izanen dituzte asteburuan Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2018ko apirilaren 12a

Otsailaren 24an hasi ziren herri galdeketaren aldeko sinadurak biltzen Malerrekan eta Bertizaranan.

Donamarian, Ituren eta Zubietan hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Donamaria eta Legasan herri-galdeketa egin nahi dute maiatzaren 6an eta horretarako, herri bakoitzean guttieneko sinadura kopurua bildu beharko dute apirilaren 24a baino lehen. Asteburu honetan sinadurak bilduko ditu Aunitz Eskuetan taldeak Donamarian, Iturenen eta Zubietan eta horrekin lotuta ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte.

Herri-galdeketa egin ahal izateko guttieneko sinadura kopurua bildu behar dela dio legediak. Herrian erroldatuak dauden 16 urtetik goitikoen sinadurak behar dira, gerora horiek izanen direlako botoa ematen ahalko dutenak. Donezteben, guttienez, %10ak sinatu behar du, hau da, 144 sinadura behar dituzte galdeketa egiteko. Gainerako herrietan, guttienez %15ak sinatu beharko du herri-galdeketa egin ahal izateko: Elgorriagan 31 sinadura behar dituzte, Iturenen 65 sinadura, Zubietan 37, Donamarian 55 eta Legasan 31. Aunitz Eskuetan elkartekoek aitortu digutenez, «erronka haundiena Donezteben izanen dugu».

Otsailaren 24an hasi ziren sinadurak biltzen eta apirilaren 24a bitarteko epea izanen dute kopuru minimoa jasotzeko. Herri batzuetan sinadurak biltzeko egunak ere zehaztu dituzte: Donezteben ortzegunero sinadurak biltzen dituzte, Azkarretan, 20:00etan.

 

Asteburu honetan Donamarian, Iturenen eta Zubietan

Donamarian, apirilaren 13an eta 14an ekitaldiak prestatu dituzte: talo tailerra eginen dute plazan, ortziralean 19:00etan hasita eta, herriko trikitilariak ibiliko dira kalez kale. Iratxo ostatuan mus txapelketa jokatuko dute 22:00etan. Apirilaren 14an, larunbat goizeko zazpietan abiatuta mendi itzulia eginen dute Donamariako mugetan barna eta ondotik herri bazkaria. Arratsaldean poteoa eta haurrendako Gure Esku Dagoren jolasak izanen dituzte. Bi egunetan sinadurak biltzen ariko dira.

Iturenen igandean egin dute hitzordua: Eguerdian, sinadurak biltzeko mahaia irekitzearekin batera, Mendaur Trikitixa Eskolako Ikasleen eskutik, trikitixa eta pandereta soinuen arrimuan pintxo-potean ibiliko dira, Tresenean eta Herriko Ostatuan. 17:00etarako, berriz, Herriko Ostatuan, mus txapelketa antolatu dute. Jokalariek egunean bertan, txapelketa hasi aitzinetik, eman beharko dute izena (bikoteko 10 euro ordaindu beharko dituzte).. Eguerditik aitzinera egun osoan sinatzeko aukera izanen da.

Zubietan ere  apirilaren 15ean sinadurak biltzen ariko dira, igandean 11:00etatik 14:00etara plazan (euria eginen balu, estalpean). Bertaratzen direnei labe ibiltarian prestaturiko mokadutxo bat ere eskainiko zaie. Sinadurak bildu bitartean, herriko trikitilari eta panderojoleek girotuko dute herria eta herritarrek kamisetak erosi ahal izateko, postu bat paratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun