Bestetarako prestaketa-lanetan ari dira Donezteben

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 10a, 08:55
Joan den urteko txupinazoa Tiburtzio Arraztoak botatzea erabaki zuten doneztebarrek.

Kartel lehiaketako lanak maiatzaren 11ra bitarte bilduko dituzte eta txupinazoa botako dueña ere erabaki dezakete herritarrek

Doneztebarrak ekain hondarreko egunetara begira hasiak dira. Bi hilabete eskas falta diren honetan, San Pedro bestak antolatzeko lehendabiziko bilkura egin zuten apirilaren 12an. Bestak iragartzeko kartel lehiaketa eta txupinazoa botatzeko proposamenak aurkezteko deialdia ere abiatu dituzte.

 

Kartel lehiaketa

Udalak Herriko bestak iragartzeko antolaturiko kartel lehiaketarako deialdi irekia egin du, parte-hartzaile bakoitzak lan bakar bat aurkez dezakeela zehaztuz. Era berean, herriko izaera eta kulturaren ezaugarriak azaleratzea baloratuko duela adierazi du. Lanak A3 tamainan inprimatuta, udaletxean, aurkeztu beharko dira eta irabazleari kartela formatu digitalean ere eskatuko zaiola jakitera eman du (240ko resoluzioan, guttienez). Baldintzetan zehazten dutenez, lanak jatorrizkoa izan behar du, originala eta bertze inon publikatu gabea. Maiatzaren 11ko 14:00 bitarte aurkez daitezke.  Objektibotasunez hautatzeko, sinadurarik gabe aurkeztu beharko da, egilearen izen-abizenak, posta elektronikoa eta kontakturako telefonoa gutun-azal itxi batean bilduz.Irabazleak 150 euro jasoko ditu eta epaimahaia Udaleko bestetako batzordeak osatuko du. Aurkezturiko lanen jabetza-eskubidea Udalaren esku geldituko da.

 

Txupinazoa

Bestei hasiera ematen dien suziria botatzeko hautagaia aukeratzeko proposamenak biltzen ere hasiak dira. Donezteben erroldaturiko 16 urtetik goitikoek aurkez dezakete proposamena (izen-abizenak, NAN zenbakia eta proposaturiko pertsona edo taldearen merezimendua adieraziz). Herritar bakoitzak proposamen bat aurkez dezake, udaletxean edo emailez (alkatetza@doneztebe.eus). Ekainaren 8a izanen da hautagaiak aukeratzeko azken eguna eta Bestetako batzorde irekiak izanen du azken hitza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun