Donezteben jokatutako bi partidekin abiatu da 39. Laxoa Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 3a, 08:52

Doneztebeko Bear-Zanan jokatu dituzte laxoa txapelketako lehen bi partidak.

Bederatzi talde hasiak dira lehian eta abuztuaren 4an jokatuko dute finala Oizko plazan

Martxoa eta apirila lotzen dituen Aste Sainduko asteburuan abiatu da Baztan-Errekako Laxoa txapelketaren hogeita hemeretzigarren edizioa. Bederatzi talde ariko dira aurtengoan, 5 Doneztebekoak, 2 Iruritakoak eta Arraioz eta Oizko bana. Txapelketako lehen bi partidak Donezteben jokatu dituzte.

 

1. JARDUNALDIA

 

1.MULTZOA:

 

Doneztebe Zarbonet – Oiz Kokoetxea: 9 – 7

 

Doneztebe Mikelo – Arraioz Sagardia: 5 – 9

 

Atsedena: Irurita Miguelene

 

2.MULTZOA:

 

Atsedena

 

 

Doneztebe Zarbonet: Felipe Gamboa – Koteto Ezkurra – Luis M. Apezetxea – Jesús Mª Zabala.

Oiz Kokoetxea: Ioritz Zelaieta – Aimar Saldias – Jon Oiatzabal –

Jon Zelaieta.

Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-5, 4-5, 4-6, 7-6, 7-7, 9-7.

Iraupena: 2 ordu, 15’

Aurtengo txapelketako lehenbiziko partida polita eta nahasia suertatu zen; huts batzuk izan ziren baina baita kintze ikusgarriak ere. Gauzarik aipagarrienak, Koteto Ezkurraren pilotakada batzuk eta Gamboa sakalariaren erregulartasuna. Doneztebeko talde beterano honek aurten azken txapan egotea espero du.

Oizko talde gazteak, berriz, itxura hagitz ona erakutsi zuen eta nahiz eta Doneztebeko plaza beraiendako hoberena ez izan, ongi moldatu ziren eta doi-doi egon ziren zortzina joko berdintzeko.

Doneztebe Mikelo: Josu Juanena – Xabier Ibarrola – Julen Etxebeste –  Unai Sapuppo.

Arraioz Sagardia: Mikel Mindegia – Xabier Mihura – Jon Gamio – Aritz Alunda.

Markagailua: 0-2, 3-2, 3-8, 5-8, 5-9.

Iraupena: 1 ordu, 30’

Partida hau larunbatean Arraiozko plazan jokatu beharrekoa zen, baino azkenean Doneztebeko Bear Zanan astelehenean jokatu zen, Arraiozko belarrezko zola bustia zegoelako.

Doneztebarrak ez ziren gaizki aritu eta partida akitu arte punturen bat lortzeko saiatu ziren, baina arraioztarrek merezita irabazi zuten. Mindegia sakalariak min handia egin zuen paretan, errestoan ere hobe aritu ziren eta bi koartoak bikain. Doneztebeko taldeak ez du oraindik bere joko maila lortu, baina gora eginen du.  

 

Parte-hartzaileak

Bortz eta lau taldeko bi multzotan banatuta ariko dira taldeak. A multzoan, gaur egungo txapeldun diren Irurita-Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim), Arraioz-Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Jon Gamio), Doneztebe-Zarbo.net (Felipe Ganboa, Luis Miguel Apezetxea, Jesus Mari Zabala eta Jose Mari Anzizar beteranoak), Oiz-Kokoetxea (Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Jon Oiartzabal eta Iñaki Mendiola) eta Doneztebe-Mikelo (Josu Juanena, Xabier Ibarrola, Unai Sapuppo eta Julen Etxebeste)  ariko dira.

B multzoan, berriz, Irurita-Olari (Jorge Azkarate, Joseba Urtasun, Guillermo Etxenike eta Iñaki Etxandi), Doneztebe-Avia (Javier Almandoz, Asier Mutuberria, Jokin Apezetxea eta Juan Telletxea), Doneztebe-The Moment, (Pascual Bertiz, Koldo Legarra, Javier Bertiz eta Jokin Arraztoa) eta Doneztebe-Apezteguia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) ariko dira.

Multzo bakoitzeko lau lehenbizikoek final laurdenak jokatuko dituzte ekainaren 23 eta 30ean eta uztailaren 7an; irabazleek finalaurrekoak jokatuko dituzte uztailaren 14, 21 eta 28an eta finala Oizko plazan jokatuko da abuztuaren 4an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun