Eskualdeko hiru gazteren lanak mikro-ipuin lehiaketan sarituak

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 28a, 11:23

Xabier Lopezek Bigarren Hezkuntzako kategorian lehendabiziko saria irabazi du eta Aratz Elizalde eta June Iguiñizek Ohorezko Aipamena

Berriki, Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren laguntzaz, antolaturiko mikro-ipuin lehiaketan saritutako idazleen zerrenda argitaratu du.

Guztira 24 lan saritu dituzte. Tartean, Pulunpa eskolako Aratz Elizalde zubietarraren 'Lore botoiduna' eta Rikardo Baroja eskolako June Iguiñizen 'Berdintasuna' lanek, Lehen Hezkuntzako kategorian, Ohorezko Aipamena lortu dute.

Era berean, Bigarren Hezkuntzakoen artean Lekaroz DBHI ikastetxeko Xabier Lopez Zabaletak lehendabiziko saria irabazi du, 'Oroimena' mikro-ipuinari esker: «indar izugarria duen ipuina, da, gai latza eta egokiro jorraturikoa, dramatikotasunez baina era neurtuan aurkeztua», adierazi dute. 

Saritutako egileek diploma eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta bana jasoko dute, apirilean ikastetxeetan eginen diren ekitaldietan. Zuriñe Hidalgoren bisita izanen dute. Gainera, egile horien guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko dute, baliabide didaktiko moduan erabiltzeko gisan.

Guztira 64 ikastetxetako 1.056 ikasleren lanak bildu dituzte eta Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Itziar Diezek, Fertxu Izquierdok eta Jon Abrilek osatu dute epaimahaia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun