Abesbatzako kideek omenaldi horretara bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi izan diete herritarrei, «aurreiritzi eta ezjakintasunak alde batera uzteko» deia eginez. Horretarako, mundu osoko koralen sorkuntza kopuru handiena, seguru asko, sakroa dela jakinarazi nahi izan dute. Era berean, garai eta estilo anitz biltzen dituen generoa dela nabarmendu dute.
Egitaraua
Ilunabar ederra izan dadin, egitarau zabala prestatu dute abesbatzako kideek.
Tomás Luís de Victoriaren 'O Magnum Mysterium' maisu lanarekin hasiko dute sakro kontzertua, ondotik Julio Domínguez galiziarraren 'Tres motetes para o tempo de Nadal' obra, ahots ederrez hornituta, plazaratuko dute. Giroan sarturik, Aita Gurea ardatz duten hiru obra abestuko dituzte, bertze hainbertze hizkuntzetan: Maurice Duruflé-ren 'Notre Pêre', Xabier Sarasolaren 'Pater Noster' eta Aita Madinaren 'Aita Gurea'. Ondotik, 'O Salutaris hostia' testuaren gainean konposaturiko bi obrari helduko diete; bata Eriks Ešenvalds-ena, eta bertzea Vytautas Miškinis-ena.
Hasierako zatia akitzeko, bi 'ave verum' abestuko dituzte; bata Galeseko Karl Jenkins konpositorearena (hau ere bizirik dago) eta bertzea Wolfgang Amadeus Mozart handiarena.
Kontzertuaren bigarren zatia, berriz, elizako korotik abestuko dute. Eta kasu honetan Mendi Abesbatzako kideek bertako Cavaillé-Coll organoaren laguntza izanen dute. Bertan Lorenzo Perosiren 'Missa Secunda Pontificalis' eta 'Kyrie' hunkigarria eta Charles Gounod handiaren 'Sanctus' ikaragarria eta César Franck-en 'Panisangelicus' obrak joko dituzte.