Aunitz Eskuetan taldeak antolaturiko frontenis txapelketaren finalak jokatuko dituzte martxoaren 17an

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 15a, 12:03

Doneztebeko Ezkurra frontoian jokatuko dira finalak

Goizean 3. eta 4. postuak eta arratsaldean finala izanen dute eta bertso-afari desafioarekin bukatuko dute eguna

Aunitz Eskuetan taldeak antolaturiko frontenis txapelketaren finalak larunbat honetan, martxoaren 17an, izanen dira, Doneztebeko Ezkurra frontoian. Arratsaldeko 17:00etan jokatuko da emakumezkoen finala, Esther Iriarte eta Alazne Aizpuru Maria Larretxea eta Maider Goñiren aurka lehiatuko dira. 18:15ean, berriz, gizonezkoek hartuko dute lekukoa. Andoni San Martin eta Aritz Juanenea Mikel eta Igor Arregiren aurka ariko dira. Finalen ondotik, sariak banatua eta triki-poteoan ibiliko dira, herrian barna.

Goizean 3. eta 4. postuak

Finalen aitzinetik, goizean, 3. eta 4. postuak jokatuko dira. 11:00etan hasiko dira partidak, Maite Iriarte eta Miren Arretxea eta Oihana Mitxelena eta Nerea Telletxearen arteko partida izanen da egunari hasiera emanen diona. 12:00etan, aldiz, Iñaki Oskoz eta Patxi Sarratea eta Joseba Telletxea eta Mikel Goñik norgehiagoka eskainiko dute.

Bertso-afari desafioa

Eguna borobiltzeko Arantzoko elkartean bertso-afaria izanen dute, 21:00etan. Malerrekako, Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu eta Egoitz Gorosterrazu, eta Baztango, Amaia Elizagoien, Bittor Elizagoien eta Xabi Maiaren, bertso-desafioaz gozatzeko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun