Txapartegik irabazi du Mindegiaren aurkako aizkora apustua

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 12a, 12:50
Mindegiak eta Txapartegik lehia estua eskaini zuten igande eguerdian Donezteben.

Sei segundo-ehuneneko aldearekin gailendu zitzaion gipuzkoarra zubietarrari martxoaren 11n Donezteben 

Martxoaren 11n, Luis Txapartegi eta Mieltxo Mindegiak Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokaturiko lehia, sei segundo-ehuneneko aldearekin akitu zen. Luis Txapartegi, eskarmentu handiko aizkolari gipuzkoarra, gailendu zitzaion Mindegia zubietarrari.

 

Pilotaleku bete jende bertaratu zen apustu gogor bezain lehiakorra ikustera. Zutik, apustuari erabat lotuta eta gozamenez ikusi zuen apustu gogoangarria.

Txapartegik 42 minuto 50 segundo eta 54 segundo-ehuneko behar izan zituen heinean, zubietarrak 42 minuto 50 segundo eta 60 ehun-segundotan ebaki zituen zortzi kanaerdiko, lau ontzako eta bi oinbikoak. Lehia arront berdindua izan zen, 600 ikusle zaleturen oihuz eta txaloz girotua. Mindegia 19 segunduko aldearekin ailegatu zen azken enborrera, baina Txapartegik azken txanpan bere gaitasun guztia azaleratu zuen, Mindegia mendean hartuz.

Zubietarrak aitaren, Migel Mindegiaren, eta Lorentxo Apezetxearen laguntza izan zuen. Txapartegik, berriz, Jose Mari Esnaola eta Joxe Migel Peñagarikano izan zituen laguntzaile.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun