Gaueko lana berritu dute aurtengoan Labaienen eta Saldiasen

Markel Lizasoain 2018ko mar. 12a, 11:42

60 bat lagun bildu ziren martxoaren 10ean eta Pedro Urrutia, 90 urteko saldiastarraren testigantza aditzeko aukera ere izan zuten

Martxoaren 10ean, Bidasoako Kontrabandistek antolatuta, garai bateko ibilerak berritu zituzten Labaienen eta Saldiasen: jendea nola ibiltzen zen kontrabandoan, paketeak bizkarrean edo mandoan. 60 bat lagun elkartu ziren bakoitza bere kopetako argiarekin, Beintzako aterpetxean. 

 

Haize hego epelarekin eta zerua izar, Labaiendik Amesara atera ziren, eta handik Saldiasko herrira jautsi. Herrian, hor zegoen zain Pedro Urrutia, 90 urte beteak, tente asko, lehengo denboretan kontrabandoan ibilia, eta esplikazio batzuk eman zituen bera nola ibili zen Igoara pakete garraio mandoarekin. Handik gero, Barbaratik, Aieletara joan ziren, baina, lehengo bide zaharretik ezik, lohia zela eta, Loprengo bordatik pasatu ziren, eta pista gora leporaino. Han, eltzetzuak azaldu ziren, eta alto eman. Antzerki pixko bat egin zuten, eta, hura akituta, bueltan Labainera jautsi ziren.

Seigarren aldia dute Bidasoako Kontrabandistek Lan Gaua antolatzen. Aurtengoan Baztan-Bidasoa Turismoaren eta Beintza-Labaien eta Saldiasko Udalen laguntza izan dute. Aurreko txandetan, ibili dira Etxalarren, Arantzan, Oiartzunen, Hondarribian eta Baztanen. Etxalarko Xanti Elizagoien izaten dute aldean, eta poliki asko kontatzen du albarka jauntzita nola ibiltzen ziren gauez batetik bestera. Webgune bat ere badute, ibilbideekin eta azalpenekin (www.kontrabandistak.com).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun