Urte hasiera ederra egin dute Doneztebeko Erreka Triatloi taldeko kirolariek

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 2a, 14:24
Erreka Triatloi taldeak bikain hasi du urtea.

Erreka Master Team txirrindulari taldeko txirrindulariak ere Tarazonako Itzulian atera ziren

Dagoeneko bi hilabete pasa dira 2018.urtea hasi zenetik eta Erreka Triatloi taldea aspalditik dabil han eta hemen zer errana ematen.

 

Alberto Barberena eta Gorka Otondo baztandarrak izan ziren lehiatzen lehenak, Otsailaren 4an Ansóko Neguko Triatloian parte hartu zuten. Barberenak, ohitura duen bezala, emaitza bikaina lortu zuen sailkapen orokorrean 13. postua lortuz, eta kontutan hartuz Espainiako Txapelketa zela, oraindik meritu gehiago eman behar zaio postu horri.

Honen ondoren, Errekako kirolarientzat ezinbertzekoa bihurtu den Valtierrako duatloian parte hartu zuten zortzi taldekidek otsailaren 17an. Totalean 8 lagun joan ginen. Lizarrako Peio López eta Doneztebeko Santi San Miguel taldekideak lehenbizikoa eta bigarrena izan ziren beteranoetan, eta 8. eta 9. sailkapen orokorrean. Otsaileko hondar asteburu honetan ere parte hartu zuen Lopezek Mungiako Duatloian eta emaitza bikaina lortu zuen berriz ere, hain zuzen, lehen postua beteranoetan eta 10.postua sailkapen orokorrean. 

Aste buru berean, Endika Eugik, Gorka Otondo eta Alberto Barberenak, Isabako Neguko tritloian parte hartu zuten. Eugiren debuta izanagatik horrelako proba batean, lan txukuna egin zuen. Bertzalde, Barberenak, bere maila erakutsi zuen berriz, lehen postua beteranoetan, bigarren Nafarroako txapelketan eta 7. postua sailkapen orokorrean lortuz.

Aste buruarekin bukatzeko, Urko Loiarte eta Andoni Blasek Oibarko maratoi erdian parte hartu zuten eta bertzetik Aritz Perez beratarrak gauza berdina egin zuen, baina kasu honetan, Irungo Maratoi erdian.

Akitzeko, ezin dira ahaztu Erreka Master Team-eko txirrindulariak. Gogoratu aurten Errekak duen txirrindularien talde berria dela eta Master kategorian lehiatzen duela.  Modu horretan, otsailaren 17 eta 18ko asteburuan Tarazonako (Aragoi) itzulian izan ziren talde honetako kide diren Iñigo Arregi, Jon Maritxalar eta Imanol Etxeberria. Larunbatean Etxeberriak 30. postua lortu zuen eta gandean Maritxalar eta Arregi hainbat ihesaldietan sartuta ibili baziren ere, azkenean tropelarekin batera ailegatu ziren.

Aitzinera begira, asteburu honetan, Santi San MIguel, Peio Lopez eta Jon Maritxalarrek, Eibarko Duatloian parte hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun