Nafarroako Gobernuak eta Doneztebeko Udalak uholde-arriskuagatik udal larrialdi-plana aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 22a, 09:20
Isabel Elizalde kontseilaria eta Xanti Uterga alkatea,

Europako H20gurea proiektuaren baitan idatzi da dokumentua 

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek, Xanti Uterga Doneztebeko alkateak eta GAN-NIK enpresa publikoaren ordezkariek uholde-arriskuagatiko larrialdi-plana aurkeztu zuten otsailaren 21ean, asteazken Donezteben. Plan hori Europako H2Ogurea proiektuaren baitan egin da.

 

Bere hitzaldian, Isabel Elizalde kontseilariak nabarmendu zuen zeinen garrantzitsua den herritarrak eta tokiko azpiegiturak babesten dituzten tresnak edukitzea, «batez ere klima-aldaketa jasaten ari garen honetan, uholdeak, lehorteak eta bertzelako fenomenoak bortitzagoak izanen baitira. H2Ogurea proiektuaren baitan, jada eguneratu da Baztango plana, eta Sunbillakoarekin hasiko gara orain». Elizaldek iragarri du Europako LIFE Nadapta proiektuaren baitan —datorren ortziralean aurkeztuko da Iruñean— uholdeengatiko udal larrialdi-planak eginen direla Nafarroako bertze 15 udalerritan.

Uholde-arrisku potentzial esanguratsudun areetako bat da Doneztebe —Uholde Direktiba ezarri zenean zedarritu ziren area horiek—.

Udalak urtarrilaren 12an onartu zuen plana. Ondotik, Babez Zibilerako Batzordeak 2018ko urtarrilaren 16an homologatu zuen, egiaztatu baitzuen bat datorrela erabat Nafarroako Gobernuaren Uholdeen Plan Bereziarekin.

Uholde-arriskuari aurre egiteko udal planek informazio-, alerta- eta ekite-dispositibo iraunkorra eta eguneratua ezartzen dute toki-mailan, gerta daitezkeen mota horretako larrialdietarako. Plan horietan jasotzen dira, bertzeak bertze, uholdea gertatuz gero segitu beharreko ekite-prozedurak eta Udalaren eta SOS Nafarroaren arteko alerta- eta komunikazio-prozedurak.

Planaren oinarrizko helburua da udal erakundeak larrialdi horiei buruzko informazioa izatea, gaitasun handiagoa izan dezan mehatxupean dauden herritarrak babesteko, pertsonek beren burua babestea sustatu dezan, eta, ahal dela, oinarrizko ondasunei eta zerbitzuei eragin diezazkieketen kalteak saihestu edo, gutxienez, murriztu ditzan, eskura dauden tokiko bitarteko eta baliabideen arabera.

Plana zenbait abisutan dago egituratuta, zeinak ibaiaren ibilguaren eta plubiometriaren datuen arabera iritsi baitaitezke, eta larrialdi-fase bakoitza sekuentzialki aktiba dadin proposatzen du: 0. egoera (0. mailako larrialdia), 1. egoera (1. mailako larrialdia), 2. egoera (2. mailako larrialdia) eta 3. egoera (3. mailako larrialdia). Larrialdi-fase bakoitzerako, Planak ezartzen du zer neurri hartu behar dituen eta zer abisu eman behar dizkien Udalak herritarrei.

Mugaz gaindiko H2Ogurea proiektuaren xedea da mugaz gaindiko ibaiak (Bidasoa, Urdazuri eta Urumea) modu koordinatuan kudeatzea. Proiektu hori Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du, Espainia-Frantzia-Andorra Kooperazio Programa Operatiboaren (POCTEFA) bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun