Giro ederrean joan dira Ezkurrako inauteriak otsaileko hirugarren larunbatean

Jaione Zabalo 2018ko ots. 22a, 07:45

Eguna mozorrotuta eman ondotik, 50 bat lagun bildu ziren Barrankako bertso-afarian, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina bertsolariekin 

Inauteriak giro bikainean joan ziren Ezkurran ere. Otsaileko hirugarren larunbata paregabea izan zen herritarrentzat eta hurbildu ziren guztientzat. 

 

Urtero bezala, larunbat goizeko 10etan frontoian elkartu ziren haur, gazte zein helduak. Denak mozorratuta etxez etxe ibili ziren Oihana-Oihana trikitilariekin.

Bazkaldu ondotik, helduek baserriak alaitzen zituzten bitartean, haurrek eta gazteek frontoian hainbat joku, musika eta txokolatadarekin gozatu zuten.

Gauean afaria Barranka Ostatuan izan zen. 50 bat lagun elkartu ziren. Ederki afaldu eta gero, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina bertsolariek batzuen masailak gorritu zituzten: batean Fidel Castro bertan zegoela, Cupidok norbait ukitu zuela eta antzeko hainbat kontu ibili zituzten bertso ederrak egiteko.

Bukatzeko, trikitilarien txanda izan zen. Dantza eta abestiekin askok biharamunera arte luzatu zuten ihote eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun