Halere, ortzirale goizean hasitakoa larunbatera bitarte luzatzeko ez du ahalegin handirik egin behar izaten «iluntzean inguruko herrietako jendearen elkargune izaten da Doneztebe», eta beraz, «horiekin egoteko aukerarik ere ez dugu galtzen».
Zer ikusi, hura ikasi
Baserrian sortua izaki, «barnetik zein kanpotik» bizi izandu du baserriz baserriko giroa doneztebar gazteak: «haurra nintzela, mahai ingurura kostata hurbiltzen nintzen; egun, ordea, baserritarrek ederki kostata botatzen naute». Hamasei urte inguru zituela «txapela eta mandarra jantzita», hasi zen baserriz baserri ibiltzen, «beraz, aurten hamar edo hamaikagarren urtea izanen dut».
Ohitural aldatuz, baina bizirik mantenduz
Bizi mantentzen diren ohitura gehienek bezala, baserriz baserrikoak ere pixkan-pixkan «goitik beheitiko» aldaketak izanen dituela uste du. Areago, gauza batzuetan nabaritzen da: «garai bateko boneta lastozko txapelak ordezkatu du. Antzina baserriz baserrikoa zen ibilbidea. Egun baserrietan bizi den jendea edadetua da, eta gazte aunitz elkartzean sortzen dugun zalaparta tarteko, badira gosaria emateari utzi diotenak, baina ulertzekoa da». Duela «lauzpa bortz urte» baserrietako hutsunea ordezkatzeko, «herriko auzo batzuetako etxeak ateak zabaldu zizkiguten». Oro har, baserrien gainbehera ikusirik, «xarma bera ez izanagatik, etxeak hasiz gero, hein handi batean, horiek izanen dira baserriz baserriko tradizioaren gordailu».
Herritarren harrera
Herritarrek «eskuak zabal eta mahaiak jakiz gainezka dituztela» irekitzen dizkigute ateak. Aitzinetik gazteei deitzen dietenak ere badaude: «batzuek deitu eta beren etxeetara joateko erraten digute». Borondatea «izugarria» izateaz gainera, beren jarrerak aipamena merezi du, «aunitz, gurekin, bestan murgiltzen dira». Noizbait «arazoren bat edo bertze izanagatik, gaur egun, gure jokamoldeek sor dezakeen gainbehera dela eta, zentzatuago gaude. Baserria bizitokia, eta ez dantzatokia, dela buruan sartzen hasiak gara».