Irune Izkuek hirutik hiru irabazi ditu

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 22a, 10:49

Emakumeen banakako Urrezko Aizkolari txapelketako hiru jardunalditan nagusi izan da Irune Izkue.

Urtarrilaren 20an Zizurkilen erraz hartu zuen menpean Irati Astondoa bizkaitarra 

Emakumeen Urrezko Aizkolari banakako txapelketako hirugarren jardunaldian, Elgorriagako Irune Izkuek erraz hartu zuen mendean Zeanuriko (Bizkaia) Irati Astondoa, urtarrilaren 20an, Zizurkilen (Gipuzkoa) egindako saioan.

 

Oinbeteko enborra mozten minututik goitiko aldea atera zion Izkuek Astondoari eta bi 45 ontzakoak mozten, abantaila hori handitu egin zuen Elgorriagakoak. Lan guztiak burutzeko 6 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Irune Izkuek eta 10 minutu eta 42 segundo Astondoak. Honela, Elgorriagakoak jokatu dituen hiru jardunaldiak irabazi ditu, lehendik Maika Ariztegi iturendarra eta Nerea Sorondo beratarra mendean hartuak baitzituen.

Emakumeak bakarka ez ezik, gizonezkoak binaka ere lehian aritu ziren Zizurkilen Urrezko binakako aizkolari txapelketaren baitan. Ugaitz Mugertza II.a mutrikuarra eta Joseba Otaegi zizurkildarrak (22:09) irabazi zieten Zumarragako Xabier Zaldua eta Zizurkilgo Jon Irazuri (24:07).           

 

Igandean Zestoako Iraeta  auzoan

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bertze jardunaldi bat urtarrilaren 21ean, jokatu zen Zestoako Iraeta auzoan. Aitzol Atutxa II.a eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’k (19:00) irabazi zieten Eneko Otaño eta Juan Jose Lopez Azpilikuetari (21:29).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun