Irune Izkuek Astondoa bizkaitarra izanen du arerio Urrezko Aizkolari txapelketako hirugarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 19a, 10:25

Orain artean jokatu dituen bi jardunaldiak irabazi ditu Izkuek. Larunbatean Astondoa bizkaitarra izanen du arerio.

Urtarrilaren 20an, larunbat arratsaldeko 5:30ean Zizurkilen

Emakumeen Urrezko Aizkolari banakako txapelketako hirugarren jardunaldian, Elgorriagako Irune Izkue eta Zeanuriko (Bizkaia) Irati Astondoa izanen dira aurrez aurre urtarrilaren 20an, larunbat arratsaldeko 5:30etik aitzinera Zizurkilen (Gipuzkoa).

 

Emakumeak bakarka ez ezik, gizonezkoak binaka ere lehian ariko dira Urrezko binakako aizkolari txapelketaren baitan. Ugaitz Mugertza II.a mutrikuarra eta Joseba Otaegi zizurkildarra, Zumarragako Xabier Zaldua eta Zizurkilgo Jon Irazuren kontra ariko dira.

Bukatzeko, bi harriko harrijasotze txapelketan, Azkoitiako Jon Unanue ‘Goenatxo II.a’ ariko da, 175 kiloko errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin, bina minutuko txandetan.

 

Igandean Zestoako Iraeta  auzoan

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bertze jardunaldi bat urtarrilaren 21ean, igandean 17:30ean jokatuko da Zestoako Iraeta auzoan. Aitzol Atutxa II.a eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Eneko Otaño eta Juan Jose Lopez Azpilikuetaren kontra ariko dira.

Errota Harria txapelketa ere jokatuko da Iraetan. Sei harrijasotzailek errota harriari aurre eginen diote, 109 kiloko harri borobilari, hiru minutuko txanda bakarrean. Zehazki, Jokin Eizmendi, Jon Gisasola, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Xabier Peñagarikano, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuna ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun