1.662.000 euroko aurrekontua onartu du Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 18a, 13:00
Doneztebeko ikuspegia.

2018ko aurrekontua onartuta, zehazturiko lehentasunei helduko die 

Urtarrilaren 12an egindako udalbatzak aho batez onartu du Doneztebeko 2018ko udal urrekontua. EH Bilduko sei zinegotzi eta PSNko bat bertaratu ziren aipatutako bilkurara. 1.662.000 euroko diru sarrerak eta irteerak aurreikusi dituzte.

 

Diru-sarrerei dagokionez, azpimarragarria da, Doneztebeko Udalak ez duela zerga eta tasen prezioa goitu. Sarreren %45a hortik jasotzen duen heinean, %25a Nafarroako Gobernuko funtsetik lortzen du.

Aurrekontua onartuta, Udalak ezarritako lehentasunei helduko die. Bertzeak bertze, San Migel ikastetxeteko egoitzan leihoak aldatuko dituzte (guztiak erabat berrituta geldituko dira). Haur Hezkuntzan, berriz, komunak zaharberritu eginen dira eta segurtasunean ere hobekuntzak eginen dira.

Liburutegiko zerbitzuen informatizazioari eta mobiliarioari dagokionez, moldaketa lanak eginen dituzte. Bertzalde, herri lanetan espaloien moldaketari bukaera emanen zaio, farola gehiago paratuko dira, zakurrentzat gune bat egien da, herri osoan zehar aparkatzeko tokiak margotuko dira…

Intzakardi parkearen berritzea izanen da 2018rako aurreikusitako bertze lehentasunetako bat. 2018an Osasun Zentroaren urbanizazioa ere eginen dute.

Heldu den urtean herriak ur-depositoa aldatzeko asmoa du; eta horretarako, aurten dagozkion aurre-lanak burutuko dira.

Aurrekontu horrekin kultur agenda ere atonduko da (11.000 euro eskainiz), bestek eta feriek ere aparteko aurrekontua izanen dute. Gainera, bertako kirol talde eta bertze herriko hainbat talderi dirulaguntzak banatuko zaizkie. Azkenik, herriko zerbitzu guztien funtzionamendua eta langileen gastuak ordainduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun