Ilusioa dokumentala auzolan baten emaitza da eta neurri handi batean Doneztebeko historiaren atal garrantzitsu baten kronika. Ilusioak laburtzen du Errege Kabalgataren historia. 60 urte hauen atzean herri baten ilusioa, gogoa, elkartasuna, aldarrikapena… islatuta gelditu dira. Mariaje Ganboa eta Andrea Apeztegia, bertze batzuen laguntzaz gauzatu dute Ganboaren amets hori. Joseba Grazeneak grabatutako dokumental honen atzean lan talde handia izan da: gidoia, itzulpenak, abotsa, grabaketak, muntaiak. Emaitzarekin herritarrak kontent, «dokumentu hau gure historiaren zatia baitugu».
Dokumental hau egitean bertze amets bat burutu da eta hau ere ilusioz antolatu da. Fidel Agestari argazkilariari bere ibilbide profesionalagatik herriak omenaldi xume, hunkigarri eta polita egin dio. Fidel izan da 1960ko hamarkadatik argazkigintzan bailara osoko erreferentea. Bere kamerak bizia eman dio hainbat gertakari, norbanakoak edo kolektiboak: ezkontzak, jaiotzak, ospakizunak… Bere kamerari esker, bere laboratorioan, denboraren mugak gainditzen dituzten argazkiak altxorra bihurtu ditu Fidelek. Herriaren aitortza eta esker ona jaso du bere familiaren laguntzaz.
Erakusketa urtarrilaren 4tik 7ra Herrigunean
Hain zuzen, Fidel Agesta argazkilariaren lanen erakusketa eginen da Herrigunean (Herriko Ostatuan), urtarrilaren 4an eta 5ean 18:00etatik 20:00etara eta urtarrilaren 6 eta 7an, 11:30etik 13:30era.