Doneztebarrik ez da izanen Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 27a, 09:12

Barrenetxeak ezustean hartu zuen Xanti Uterga Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Abenduaren 26an Donezteben jokatutako finalerdietan Xanti Utergak eta Josetxo Ezkurrak galdu egin zuten Barrenetxea IV.a eta Urrizaren kontra, hurrenez hurren

Eguberrietako XIII. buruz buruko erremonte txapelketako finalerdiak jokatu dituzte abenduaren 26an Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Bi doneztebar baziren partida bakoitzean, Uterga eta Ezkurra II.a baina biek galdu eta ez da herriko ordezkaririk izanen ortziralean Labriten jokatuko den finalean.

 

Lehen finalaurrekoan izan zen ezustekorik handiena, Xanti Utergak 22-30 galdu baitzuen Barrenetxea IV.aren kontra. Bigarren finalerdian, gaur egungo txapelduna den Urrizak 30-19 irabazi zion Josetxo Ezkurra II.ari, nahiz eta doneztebarra 13-14 irabazten egon zen. Baina hurrengo hameka tantuak Urrizak egin zituen eta hor hautsi zen partida.

Txapelketako partiden aitzinetik, Doneztebeko erremonte eskolako bi bikoteren arteko partida jokatu da: Maylin eta Mindegiak 30-28 irabazi diete Jabalera eta Lazkanori.

Beraz, Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren finala abenduaren 29an, ortzirale arratsaldeko 6:30ean Iruñeko Labrit pilotalekuan hasiko den jaialdian jokatuko dute Urrizak eta Barrenetxea IV.ak. Final handiaren aitzinetik, binaka ariko dira Barricart eta Garcés, Eloy eta Azpirozen kontra.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun