Biharamunean, larunbat eguerdian omenaldia eskaini zitzaion Mindegiari Ezkurrako pilotalekuan. Zubietako joaldunak ibili ziren herrian barrena eta gero Mindegiari eta emazteari arkua egin zioten, lehengo eta oraingo aizkolariekin eta harrijasotzaileekin batera. Jesus Mari Bengoa aurkezle ezagunak gidatutako ekitaldian Urruti, Betelu eta Santxin harrijasotzaileek erakustaldia eskaini zuten, baita lau aizkolari bikotek ere: Patxi Astibia eta Donato Larretxea, Iker eta Daniel Bizente, Arria aita-semeak eta Antonio Jaunarena eta Jon Rekondo. Bittor Elizagoien bertsolariak ere Mindegiaren bizitza eta lortutako markak goraipatu zituen. Mindegiaren bi bilobek aurreskua ere dantzatu zioten eta gero hainbat opari jaso zituen, tartean Iosu Janices, Nafarroako Gobernuko ordezkariarena. Ezkurrako Udalak hamaiketakoa eskaini zuen frontoian bertan eta gero 70 bat lagun bildu ziren Barranka Ostatuan bazkaltzera.