Sariak banatzearekin bat, Solanak, hezkuntzan, gizartea eraldatzeko ezinbertzeko oinarria izaki, kalitatea eta bikaintasuna garrantzia azpimarratu, eta bide batez, etengabeko hobekuntzan lanean ari diren ikastetxeei eskerrak eman nahi izan dizkie.
San Migel ikastetxeari dagokionez, ez da jaso duen sari bakarra. Izan ere, 2015-2016 ikasturtean 'Kalitatearen Konpromisoa’ren zigilua lortu zuen. 2016-2017 ikasturtean, berriz, kalitatezko ikastetxearen errekonozimendua lortzeko eskolak bere burua sariketara aurkeztu zuen eta prozesu horretan ikuskaritzak bidalitako ikuskarien auditoria gainditu behar izan zuen. Orain, ondorengo ikasturteetako erronka Hezkuntza Departamentuak duen errekonozimendu gorena eskuratzea izanen litzateke,”Ikastetxe bikaina”, hain zuzen ere.
Hamalau ikastetxe saritu dituzte
Honakoak dira alor bakoitzean saritu dituzten ikastetxeak: “Kalitatearekin konpromisoa” sariei dagokienez, Haur eta Lehen Hezkuntzako San Babil ikastetxeak (Ablitas), Pitillas ikastetxeak, Francisco Arbeloak (Azagra), San Donatok (Etxarri-Aranatz) eta Julian Gayarrek-Erronkari DBH zentroak eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialak jaso dute. “Kalitatezko Zentroa” izendatu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Angel Martínez Baigorrik (Lodosa), Huertas Mayoresek (Tutera) eta San Miguelek (Doneztebe). Eta azkenik, “Zentro Bikaina” saria eman zioten Haur eta Lehen Hezkuntzako Beriain ikastetxeari, Doña Blanca de Navarrari (Lerin), Erreniegari (Zizur Nagusia) eta Corellako Alhama zein ruñeko Julio Caro Baroja institutuari.