Malerrekako lau erremontelarik jokatuko dute binakako erremonte txapelketaren finala

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 18a, 09:16

Ezkurra II.ak eta Endikak ezustea eman eta finalera sartzeko moduko emaitza lortu zuten larunbatean Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

Uterga eta Etxeberria III.ak eta Ezkurra II.a eta Endikak lortu dute abenduaren 23ko azken partidarako txartela 

Inoiz gertatu gabekoa gertatuko da aurten binakako erremonte txapelketa nagusian: Malerrekako lau erremontelarik, Doneztebeko hiruk eta Saldiaskoa batek jokatuko dute final nagusia. Hain zuzen, Xanti Utarte eta Joxe Etxeberria III.a, Josetxo Ezkurra II.a eta Endika Urrutiaren kontra ariko dira abenduaren 23an.

 

Uterga eta Etxeberria III.ak finalerdietako bigarren partida ere irabazi zieten Matxin III.a eta Ioni (hasierako ligaxkako liderrak), 37-40, larunbatean Galarretan.

Bigarren finalerdian sorpresa handiagoa izan zen. Lehenbiziko partida erraz irabazi ondotik, Urrizak eta Agirrezabalak 32 tanto egitea aski zuten finalera sartzeko, baina oraingoan Ezkurra II.ak eta Endikak 26 tantotan utzi zituzten. 24-32 irabazten ziren Malerrekakoak eta 2-9ko azken partzialarekin, finalera sartzea lortu zuten.

Ezkurra II eta Endika kontent zeuden kortutakoarekin, «erasokor hasi gara abantaila hartzeko, tantoak abudo akituz eta gero abantaila hori kudeatzen jakin izan dugu. Eta hori lortu dugu. Urriza moduko erremontelari bati buelta ematea zaila da eta orain burua finalean pentsatzen jarri behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun