Zubietako Karmentxu Mariezkurrena jostunak jaso du Santa Luzia eguneko Zilarrezko Titarea Donezteben

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 13a, 15:12
Karmentxu Mariezkurrena, Zilarrezko Titarea jaso ondotik, senarra, seme-alaba eta biloba ondoan dituela. Xanti Uterga Doneztebeko alkatea eta Leire Ortuoste zinegotzia ere bertan dira. Argazkia: Alicia Del Castillo

Igandean izan ziren eskulangileak eta Nafarroako Autismo Elkarteari laguntzeko elkartasun azoka arrakastatsua ere egin zen

Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu dute Donezteben abenduaren 13an. Iaz bezala, aurten ere ospakizuna bitan banatu dela erran daiteke, igandean eskulangileak izan baitziren eta ANA Nafarroako Autismoaren Elkartearen aldeko ekimen arrakastatsua ere egin zen. Asteazkenean, Doneztebeko Udalaren izenean, Xanti Uterga alkateak eta Leire Ortuoste zinegotziak Malu Alvarezek egindako Zilarrezko titarea eman diote Zubietako Andresenean sortutako Karmentxu Mariezkurrena jostunari, meza ondotik eta gero luntxa ere eskaini dute. 

 

Igande goizeko eskulangileen erakusketan eta salmentan Jose Luis Olaizola (heraldika, grabatuak), Malu Alvarez (zilarra), Santiago Hualde (kaikuak), Fausti Juanikorena (ehunak), Joxepa Loiarte (taloak), Mari Mar Torres (kosmetika naturala), Lourdes Goñi (etxeko gozogintza), Maria Salanueva (xaboiak, pomadak), Luis Mari Esarte (egurra) eta Andrew Smith (argazkiak) izan ziren plazan.

Feria honetan Doneztebeko Erreka Guraso Elkartekoek elkartasun ekimen bat ere egin zuten, Nafarroako Autismoaren Elkartearen aldekoa, hain zuzen. Horretarako, jostailu bilketa antolatua zuten eta bildutako jostailu horiek feria egunean saldu zituzten. Horrez gain, Udalak kale animazioa ere paratu zuen eta herrian barna gaiteroak ibili ziren. Arratsaldean, 18 Iñaki Perurenaren Harria Maitasun historia emanaldia ikusi eta entzuteko aukera izan zen Herrigunean (Herriko Ostatuan).

 

Zubietako Andreseneko Karmentxu Mariezkurrena

Duela 67 urte Zubietako Andresenean sortutako emakumea dugu Karmentxu Mariezkurrena Ezkurra, Martin eta Bittoriren alaba. Zazpi anai arreba zituen familia batean hazia. Garai hartan, ohikoa zen bezala, etxeko lanetan laguntzen zuen. Baina berari izugarri gustatzen zitzaion jostunen lana. Bertan, Kristina Erroren eskutik lanbide hau ikasi zuen. Aukera ezin hobea eguneko errutina eta lanetik ateratzeko eta bertze adineko neskekin elkartzeko (normalean 10 bat elkartzen ziren). Familiako 3 ahizpek ikasi zuten lanbide hau eta horietako batek ikasketak jarraitu zituen,  kortea edo patronajea ikasi zuen.

Inguruetako emakume anitz bezala Karmentxu Doneztebera ezkondu zen. Aurtizko Luis Elizalde izan da eta da 34 urteko bidai polit honen bidelaguna. Bidai zoragarri honetan Aloña eta Iñaki seme alabak izan dituzte eta une honetan Enaitz bilobaren xalotasunarekin egunero gozatzen dute. 2018an bigarren biloba ere jaioko da eta seguraski amatxik dagoeneko trajeren bat egina izanen du.

 

Karmentxuren lanaren sinadura herriko hainbat trajetan ikusten ahal da. Berak lagundu baitu gure dantzarien trajetan, trapatan dantzarien trajetan. Eskoletako kortinek ere bere sinadura daramate. Karmentxuk ez daki ezetz erraten eta beti ibili da laguntzen. Bertze adibide batzuk aurkitzen ahal ditugu Zubietako joaldunen azpiko gonetan, inauterietako mozorroetan...

Karmentxu josten, plantxatzen eta bertze hainbat zereginetan pasatzen du bere denbora baina denbora hartzen du Enaitzekin asteartetan ipuin txokora joateko eta eskolara bila joateko. Lesakako Kasinon ere bere lana ederki baloratu dute beti eta guk, Doneztebe herriak zilarrezko titarea hau ematean agindu bat eman nahi dio Karmentxuri Jarrai dezala josten jantziak, azpi-gonak, kortinak… eta batez ere segi dezala bere bizitza josten ilusioa, kemenaren haria erabiliz. Mila esker Karmentxu zure lanagatik, gozatu gaur eta etorkizunean.

 

Zilarrezko Titareak

Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:

Maria Eraso (1999)

Patxi Astiz (2000)

Mari Carmen Elizalde (2001)

Virtudes Etxebeste (2002)

Pepita Apeztegia (2003)

Pakita Andiarena (2004)

Mariela Olaizola (2005)

Angeles Buenetxea (2006)

Maria Teresa Mindegia (2007)

Loli Ostolaza (2008)

Mari Cruz Arregi (2009)

Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)

Maria Jesus Elizondo (2011)

Esther Pascal (2012)

Enrique Taberna (2013)

Blanca Bañares (2014)

Ixabel Juanikorena (2015)

Pili Mindegia (2016)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun