Lehen galbahea gainditu dute eskualdeko erremontelariek binakako txapelketan

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 5a, 11:20

Finalerdietarako txartela lortu duten lau bikoteak. Matxin III eta Ion (1), Uterga eta Etxeberria III.aren kontra (4) ariko dira eta Urriza eta Agirrezabala (2), Ezkurra II.a eta Endikaren kontra (3).

Ligaxkako azken jardunaldian garaipenak lortu dituzte Ezkurra II.a-Endikak eta Uterga-Etxeberria III.ak eta finalerdietan izanen dira

Binakako erremonte txapelketako ligaxkako azken jardunaldia jokatu zuten larunbatean eta horren ondorioz, Etxeberria IV.a eta Barrenetxea IV.a gelditu dira txapelketatik kanpo. Ezkurra II.a eta Endikak 35-40 irabazi zieten Urriza eta Agirrezabalari eta Uterga eta Etxeberria III.ak 40-26 irabazi zieten Matxin III.a eta Ioni.

 

Azken partida galdu arren, ligaxkakako sailkapen buruan gelditu dira Matxin III.a eta Ion (12); bigarren Urriza eta Agirrezabala izan dira (11 puntu); hirugarren Ezkurra II.a eta Endika (10 puntu) eta laugarren Uterga eta Etxeberria III.a (9 puntu). Etxeberria IV.a eta Barrenetxea IV.a finalerdietatik kanpo gelditu dira, 8 punturekin.

Honela, finalerdiak abenduaren 9an eta 16an jokatuko dituzte, ligaxkan lehenbiziko gelditu diren Matxin III.a eta Ionek laugarrenen kontra (Uterga eta Etxeberria III.a) eta bigarrenek (Urriza eta Agirrezabala) hirugarrenen kontra (Ezkurra II.a eta Endika). Hain zuzen, ligaxkako azken jardunaldiko norgehiagokak errepikatuko dira eta ea emaitzak ere errepikatzen diren, horrek Malerrekako lau erremontelariren arteko finala ekarriko bailuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun