Joan den urtean bezala, Doneztebeko Udalak antolatu du aurtengo Santa Luzia feria. Igande honetan, abenduak 10, izanen da, eta goizez eta arratsaldez izanen dira ekitaldiak.
Goizez, eskualdeko hainbat eskulangilek ikusgai eta salgai paratuko dituzte euren lanak. Feria honetan Doneztebeko Erreka Guraso Elkartekoek elkartasun ekimen bat ere eginen dute, Nafarroako Autismoaren Elkartearen aldekoa, hain zuzen. Horretarako, jostailu bilketa antolatu dute eta bildutako jostailu horiek feria egunean salduko dituzte. Horrez gain, Udalak kale animazioa ere paratuko du.
Arratsaldean, 18:00etan, Iñaki Perurenaren Harria Maitasun historia emanaldia ikusi eta entzuteko aukera izanen da Herrigunean. Sarrera doan izanen da.
Titare ematea
Santa Luzia egunean eginen dute titarea emateko ekitaldia. Aurten ere, Udalak jostun lanetan aritutako pertsona bat omenduko du bere ibilbidea goraipatuz eta lanbide horri aitortza eginez. Omenduak zilarrezko titarea hartuko du meza ondotik eginen duten ekitaldian.