Madrilgo jaialdia, Madrilen minbizia duten haurrak eta senideak biltzen dituen ASION elkartearen aldekoa izan da.
Larunbat arratsaldeko lehen partidan, Utergak eta Barrenetxeak 20-16 irabazi zieten Ezkurra II eta Ion-i eta horrek, azken garaipenerako aukerekin utzi zien irabazleei. Urriza eta Etxeberria III.ak ere irabazi egin zieten Ezkurra II eta Ion-i, 20-18, nahiz eta Ezkurra gazteak partida bikaina egin zuen, 12 tanto akituz. Azken partida erabakigarrian, beraz, Utergak eta Barrenetxeak garaipena eta garaikurra lortu zuten.
Beraz, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Xixonen, Zaragozan, Iruñean, Baionan, Sorian, Bartzelonan eta Madrilen jokatutako hamar jardunaldien ondotik, aurrelarien sailkapen buruan Uterga eta Urriza berdinduak gelditu dira hamalauna garaipenekin, baina tantuen aldea hobea izan du Utergak (+43) Urrizak baino (+39).
Atzelarien artean ere, azken jardunaldian irauli da sailkapena. Barrenetxea baino bi garaipen gehiagorekin ailegatu zen Ion Madrilera, baina honek bi partidak galdu zituen bitartean, Barrenetxeak biak irabazi egin zituen Madrilen. Honela, hamekana garaipen zituzten biek, baina hemen ere tantuen aldea hobea zuen Barrenetxeak (+15) Ionek baino (-15).