Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 21a, 06:58

Donezteben eskainiko duten 'Nagore' filmaren kartela.

Donezteben ‘Nagore’ dokumentala eta Zubietan, berriz, ‘Emakumea film laburrean’ zineforuma eta ‘Volar’ dokumentala eskainiko dira

Horrez gain, herrietako eskoletan zein Mendaur Institutuan ere lanketa berezia eginen da eta Udal ordezkariek adierazpen instituzionalak eginen dituzte Osoko Bilkuretan.

 

Donezteben, 'Nagore' dokumentala, azaroaren 24an

Nagore Laffage bortizki hil zuten duela bederatzi urteko Sanferminetan eta Nagore dokumentala eskainiko dute azaroaren 25eko ekimenen barrenean. Azaroaren 24an, ortziral arratsaldeko 7etan, Herrigunean,  Nagore dokumentala ikusteko aukera izanen da.

Bertan Asun Casasola (Nagoreren ama) izanen da, bere bizipenak konpartitzeko. Hitzordua borobiltzeko, II. Udazken Literario zikloaren barrenean, Miren Lantzek Gogoratzen nauzuenetan ipuin lehiaketako liburuaren inguruko solasaldia eskainiko  du. Liburu hori indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko ahalegin kolektiboa da.

Auzolana eta herritar izaera ditu zutabe eta Nagore Laffage eta patriarkatuaren biktima izan diren emakume guztiak gogoan izan nahi ditu. Duela 9 urte Nagore Laffage hil zuten. Ordutik, izugarria izan da haren amak, Asun Casasolak, erakutsitako indarra eta kemena. Bere izena duen Ipuin Lehiaketarekin Asun omendu dute Irungo hainbat eragilek.

 

Elkarretaratzea

Genero Indarkeriaren kontrako ekimenen barrenean ere kokatu behar da egun horretan, eguerdiko 12etan eginen den bilkura, Doneztebeko biribilgunetik abiatuko dena. Ohiko hitzordu horretan herritarrak, Mendaur Institutuko ikasle eta irakasleak eta Malerrekako herriko etxeko hautetsiak parte hartzera deitu ditu Malerrekako Mankomunitateko Prebentzio Batzordeak.

 

Zubietan 'Emakumea film laburrean' eta 'Volar', azaroaren 24an eta 26an, hurrenez hurren

Azaroaren 24an, 19:00etan izanen da ‘Emakumea film laburrean’ zineformua, emakumeari eragiten dioten arazoak ardatz dituen ikus-entzunezkoa.Ali, Fatine, Helen, Irene eta Rae; Belgika, Brasil, AEB, Frantzia eta Erresuma Batutik etorritakoak dira bost protagonistak. Honako problematika konplexuak dira kontagai: tratu txarrak, marjinalitatea, presio soziokulturala, garapen sexualaren eragozpenak, behartutako prostituzioa... Indarkeria mota horiek, finean, emakumearen garapenaren oztopo izan dira.

 

Ikastetxeetako lanketa

Ekimen horiez gain, ikastetxeetan gaia lantzen ari dira. Haur eta Lehen Hezkuntzan eskulanak egiten ari dira, Mendaur Institutuan, berriz, Asun Casaola ardatz duen ipuin lehiaketa antolatu dute. Halaber, mailaz maila, hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte: 1. DBHn zineforuma ‘La máscara del amor’, 2. DBHn indarkeria matxistaren inguruko unitate didaktikoa, 3. DBHn ‘En tierra de hombres’ zineforuma eta 4. mailan EAIV zerbitzuaren aurkezpena.

Azaroaren 26an, 18:30ean, berriz ‘Volar’ dokumentala, indarkeria matxista jasan duten bederatzi emakumeren testigantza, arazoa sufritzen duenaren ikuspuntutik erakutsiz, biltzen duena. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun