Nafarroako aizkora txapelketa nagusiko finala jokatuko dute azaroaren 17an Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko aza. 16a, 09:57

Finalean lehiatuko den boskotea, kanporaketaren ondotik.

Ortzirale arratsaldeko 6etan hasita, bortz aizkolari lehiatuko dira 

Ortzirale goizeko feria giroari segida emateko eta guztien zaletasunei tarte egiteko, aizkora apustu zaleentzat hitzordu polita antolatu du Nafarroako Herri Kirol Federazioak arratsaldean. Nafarroako maila nagusiko aizkora txapelketako finala izanen da ikusgai, Ezkurra frontoian, ortziralean 18:00etan hasita. 

 

Gaur egungo txapelduna den Iker Vicente otsagabiarrarekin batera, eskualdeko Ruben Saralegi (26 urte) eta Jon Rekondo (32 urte) leitzarrek, Mieltxo Mindegia (36 urte) zubietarrak eta Joxean Etxeberria (22 urte) zigarrak lortu dute finalera sailkatzea. Lau kana-erdiko, 60 ontzako bertze lau eta bi oinbiko moztu beharko dituzte bortz finalista sailkatuek. Ortziralean 18:00etan hasiko da finala eta sarrerak egunean bertan izanen dira salgai, 15 eurotan. Hala ere, ez da arratsaldeko ikuskizun bakarra izanen. Aizkolarien ondotik, harri-jasotze erakusketa izanen da, Aimar Irigoienen eskutik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun