Ezkurra II.ak eta Ionek irabazi dute Azpeitiko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 6a, 10:58

Ezkurra II.a pilota astintzen, Endika begira duela finalean. Doneztebarra nagusitu zaio saldiastarrari.

Finalean 30-40 irabazi zieten Etxeberria IV eta Endikari azaroaren 3ko finalean

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Ionek irabazi dute Azpeitiko erremonte txapelketa, merezimendu osoz. Azaroaren 3an Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean 30-40 irabazi zieten Etxeberria IV.a eta Endika Urrutia saldiastarrari. Josetxo Ezkurra izan da txapelketako eta finaleko pilotaririk onena.

 

Ezkurra gaztea gero eta hobekiago ari da eta txapel honek bere joku-maila baieztatu bertzerik ez du egiten. Txapelketa honetan jokatu dituen hiru partidatan bera izan da aldea egin duena. Finalean ongi lagundu zion Ionek eta hasieratik agindu zuten. Bortz-sei tantuko aldea hartu eta bukaera bitarte mantendu zuten. Bukaerako hamar tantuko aldea izan zen partidako handiena.

Aitzinetik jokatu zen hirugarren posturako lehian, Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-33 irabaz zieten Matxin III eta Aritz Zubiri goizuetarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun