CaixaBank-ek 2016ko Gizarte Ekintzaren balantzea aurkeztu du Elgorriagako bainuetxean

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 27a, 12:12
Ezker-eskuin: Cristina Lezaun, Oscar Labat, Ana Díez Fontana, Mentxu Peña eta Izaskun Azkona.

Azken bi urteetan eskualdeko 59 proiektu sozialetan 148.874 euroko laguntza eman du Baztan-Bidasoaldean

Ana Diez Fontanak, Nafarroako CaixaBankeko buruak, Izaskun Azkonak, Nafarroako “La Caixa” Gizarte Ekintzaren arduradunak, eta Cristina Leizaunek, Nafarroa iparraldeko zuzendariak,  “La Caixa” Gizarte Ekintzaren baitan egin diren jarduera eta programen balantzea aurkeztu zuten Elgorriagako bainuetxean, urriaren 27an. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hainbat ordezkari bildu ziren eta Doneztebeko Mendi Abesbatzak emanaldia eskaini zuen.

 

Gizarte hobea eta bidezkoagora eraikitzera bidean eta gehien behar dutenei aukerak luzatuz, azken bi urteetan 3,2 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin du Caixabankek Nafarroa osoan. Tartean, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako 59 proiektu sozial 148.874 euroko diru-laguntzaz babestu ditu.

Bereziki, pobrezia eta gizarte bazterketaren esparruak izan dira lagundu dituenak: Berako Elkarrizan Boluntarioen Elkartea, Malerrekako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Zahar Txokoa Jubilatu Elkartea eta Arantzako udalari 50.000 eurotik gorako laguntza eman die.

Era berean, behar bereziko pertsonekin lan egiten duten erakunde sozialentzat 40.000 euro baino gehiagoko ekarpena egin du. Onuradunak, bertzeak bertze, Baztango Udala (Mugikortasun urriko pertsonei Elizondoko igerilekuetarako sarbidea egiteko), Bortzirietako Guztiok Taldea eta Xauli Boluntario Elkartea izan dira.

Eskualdeko adinduen arreta zerbitzuak ere babesten ditu CaixaBankek. Arkupeak Elkarteko 2.600 bazkideri teknologia, osasuna eta ongizatea jorratzen dituzten programa eta tailerrak eskaintzen dizkie; eta Etxalar eta Lesakako adinduen elkarteei ere zenbait ekimenetan lagundu izan die. Halaber, Lesakako Andra Mari Zaharren Egoitzako geriatria-materiala erosteko eta altzarien zaharberritzerako 4.000 euro eman dizkie.

Azkenik, azpimarragarria da, haurren heziketarako laguntzak eskaini dituztela: Lesakako Tantirumairu ikastolako jantokirako eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udan eginiko kanpaldirako emaniko 10.000 euroak, errate baterako.  Hain zuzen, Mentxu Peña Mankomunitateko presidenteak ekimen honen berri eman zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun