Udako argazki lehiaketako sariak banatu ditu ERRAN.EUS atariak

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 20a, 07:54
erran.eus atariko argazki lehiaketako saridunak eta sari-emaileak, Donamariako Bentako atarian.

Epaimaiaren saria Elizondoko Bego Arizmendik irabazi du eta erabiltzaileena Leitzako Amaia Iparragirrek; bozketan parte hartu dutenendako zozketan Marijo Garmendia elizondarra saritua

Erran.eus interneteko atariak hirugarren aldiz antolatutako udako argazki lehiaketako sariak banatu zituzten urriaren 19an, asteazken arratsaldean Donamariako Bentan. Aurten 85 argazki aurkeztu dira lehiaketara.

 

Argazki horien artean, Elizondoko Bego Arizmendiren ‘Auzara begira’ Lekarozen ateratako argazkiak irabazi du epamaihaiaren saria. Hala, Mutrikuko Haitzalde landetxean bi lagunendako bi gau eta bi gosari eskaintzen duen egonaldia irabazi du. Ttipi-Ttapa Fundazioko Joxema Irigoienek eman dio saria.

Erabiltzaileek ere izan dute hitza eta kasu honetan, Leitzako Amaia Iparragirrek Leitzan ateratako ‘Polenaren bila’ argazkiak jaso du boto gehien. Honenbertzez, Lesakako Nafarroa Oinezeko ‘Bikin bat in’ material-lotea izan du saritzat.  Nafarroa Oinezeko material batzordeko Marijo Arburua eta Ruth Vazquezek eta Xorroxin Irratiko Julen Zelaietak eman diote saria.

Bozka emanez parte hartu duten 71 erabiltzaileen artean Donamariako Bentan bi lagunendako otordua zozketatu da eta hori Marijo Garmendia elizondarrari egokitu zaio. Donamariako Bentako Lorea Luzuriagak eman dio saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun