Bertzeak bertze, urriaren 12an, ortzegunean, eguerdiko 12etan aizkora kopa kanporaketarekin hasiko dute ospakizuna, eta giroa alaitzeko, gaiteroak eta batukada izanen dituzte eguerdian eta ilunabarrean, hurrenez hurren.
Ortziralean, urriaren 13an, goizez zein arratsaldez, gaiteroak izanen dira herria alaitzen eta herritar eta bisitarientzat dendetako ateak irekiko dituzte.
Urriaren 14ean, larunbatean, Doneztebe eta Donamariako buruhandi eta erraldoien kalejira izanen da, 13:00etan. Goizean eta arratsaldean, aldiz, txarangak alaituko ditu karrika bazterrak.
Ortziraletik igandera, egunero eta egun osoan zehar onddoak dastatzeko aukera izanen da Ameztia, El Café, Mikelo, Shanti eta Titi ostatuetan, pintxoak dastatzen dituztenen bezeroen artean 50 euroko bortz kupoi zozketatuko direlarik.
Bien bitartean, urriaren 6tik 11ra bitarte, ‘gure saltokitan erosi eta parte hartu’ udazkeneko zozketa antolatu dute. Erosle guztien artean onddo pintxoak dastatzeko 30 kupoi banatuko dira.