Dantza luzea berreskuratu dute Zubietako Euskararen Egunean

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 9a, 09:51

Berriz ere Dantza Luzea ikusteko modua izan dute Zubietan, Euskararen Egunaren baitan.

Mikel Indakotxeak ordubete eta 40 minutu behar izan zituen hamar kanaerdiko moztu eta Loitzateko atakara igotzeko

Berrikuntza eta erronka politak izan ditu aurten Zubietako gazteek antolatutako Euskararen Egunak. Azken asteetako entsaioen ondotik, larunbat eguerdian, Dantza Luzea berreskuratu zuten herriko 42 dantzarik. Mikel Indakoetxea Palaxiok, berriz, ordubete eta 40 minutu behar izan zituen hamar kanaerdiko aizkoraz moztu eta Loitzateko atakara joateko.

 

Ostiraleko pintxo lehiaketara hamar aurkeztu ziren eta Aratz Elizalde suertatu zen txapeldun. Ander Mutuberria, Sagrario Etxekolonea eta Maritxu Santxezek osatu zuten epaimahaia. Mus txapelketan, berriz, Francisco eta Jesus suertatu ziren irabazle.

Larunbatean, herriko eskulangileen lanak ikusteko aukera izan zen beste behin. Gazta eta urdaiazpikoaren pisua asmatzeko postua ere jarri zen eta aurtengoan, kalabaza ere izan zuten. Arantxi Diezek eskuratu zuen urdaiazpikoa, Ander Mutuberriak gazta eta Izaskun Santestebanek kalabaza. Goiz partean, Palaxioren erronka eta dantza luzea berreskuratzeaz gain, joaldunek ere egin zituzten beraien harat-honatak. Kantu bazkarian giro bikaina izan zen eta Azpeitiko trikitilariekin 80 lagun elkartu ziren.

Arratsalde eta gau partean ere giro polita izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun