Giro ederrean joan dira aurten ere Urrozko San Migel bestak

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 5a, 15:27

Herriko dantzariek udan ikasitakoa plazaratu zuten egun handian

Ortzegun arratseko zopekin hasi zituzten aurtengo Urrozko San Miguel bestak. Batzuk etxean eta bertzeak ostatuan afaldu ondoren jai giroa nagusitu zen plazan goizeko ordu txikiak arte. 

 

Biharamunean, San Miguel eguna, meza nagusiarekin hasi zen eta ondoren herriko dantzariak  aritu ziren plazan, udan zehar ikasitakoa plazaratzen. Bukatzerakoan, hurbildu zen guztiarentzako luntxa izan zen ostatuan. Arratsaldean, haur jokoak egin ziren herriko gazteenentzat, eta berrikuntza bezala, aparraren jaia izan zen plaza ondoan, ostatuan mus txapelketa ospatzen zen bitartean. Eguna akitzeko, gazteen afaria egin zen frontoian, eta berriz ere besta egiteko aukera izan zen.

Larunbatarekin, mus txapelketaren finala jokatu zen. Irabazleak, Juanito eta Markos suertatu ziren eta segidan, eguerdian, herri bazkarian bildu ziren herritarrak, Amets  Arzallus eta Sebastian Lizasok botatako bertsoen eta Joxe angelen musikaren bueltan.

Igandean, aizkora apustua izan zen frontoian eta arratsaldean Doneztebeko dantzariak eta Gorritiren animaliak izan ziren ikusgai. Ilunabarrean tortilla eta postre txapelketan egin zen. Tortilletan lehen postua Maitek lortu zuen, eta bigarrena Nekanek. Postreetan aldiz, Juanak lortu zuen lehen saria eta Mari josek bigarrena. Jarraian, bingoa ere jokatu zen frontoian. Aurtengo bestak akitzeko, su artifizialak bota ziren herri guztiaren gozagarri. Giro paregabean joan dira aurtengo bestak ere, eta orain hurrengoen esperoan geratuko gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun