Urriaren 7an, larunbat arratsaldeko 8etan Errioxako ardoaren dastaketa berezia hasiko da eta ordubete beranduago, Xalbador Arotzenaren omenez onddo kaxuela lehiaketa hasiko da. 22:00etan afaria eginen dute.
Urriaren 8an, igande goizeko 9:30ean kofradien kalejira eta ibilaldia eginen dute kofradiako kide berriek bainuetxetik herriraino, Zubietako joaldunen laguntzarekin. 09:00etatik 13:00etara onddo ikusezinen bilketa (Txapelak eta Sueño San Virila izanen dute saritzat) 10:00etan meza ospatuko da, Santa Maria la Real ahots baxuen Abesbatzak kantatua.
Kofrade berriak
Ondotik kofrade berrien izendapena eginen da. Aurtengoan, Imelda Ribón enologoa eta Ribera del Dueroko kofradiako kidea; Javier Izu RNE irratiko kazetaria; Javier Molina pediatra; Miguel Angel Fernandez Torán Cofrentesko bainuetxeko zuzendari medikoa eta Espainiako Bainuetxeen Elkarteko presidente ordea eta Juan Carlos Pikabea Lesakako margolaria izendatuko dituzte Onddo eta Zizen Kofradiako kide.
11:00etan Zubietako joaldunak eta txaranga karrikaz karrika ibiliko dira eta emakumezko aizkolariek erakustaldia ere eginen dute. Eguerdian, kofradien eta gonbidatuen artean ohiko onddo kaxuela lehiaketa eginen da frontoian, Juanito Mariezkurrena zenaren omenez. Txapelak, dominak eta Sueños Sanvirila kateko egonaldiak izanen dituzte saritzat. 13:00etan onddo pisutsuenaren Sanvirila txapelketa jokatuko da. Ondotik, onddoz betetako saskiak eta sari ezberdinen zozketa eginen da, baita onddo eta Nafarroako produktuen dastaketa ere.