Iturengo Herriko Ostatuko taberna eta jatetxe zerbitzua eta, horrekin batean, Kontseilu karrikako 38an dagoen etxebizitza errentan emateko lehiaketa publikoa egin zuen Iturengo Udalak. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 5eko 14:00etan akituko da. Lehiaketan baloratuko dira ustiapen proiektua eta eskaintza ekonomikoa. Kontratuaren iraupena hiru urtekoa izanen da, baina epe hori bertze bortz urtez luza daiteke.
Zubietako Herriko Ostatua berriz ere errentan emateko lehiaketa atera du Udalak. Angelita Otxandorena eta Martzelino Santesteban aritu dira orain arte, baina kontratua akitu eta ez dute segitzeko asmorik. Proposamenak urriaren 2ko goizeko 11ak arte aurkez daitezke. Hiru urteko kontratua izanen da, baina luzatzeko aukera ere bada. Hasierako errenta, hileko 150 euro + BEZa. Baldintzak Herriko Etxean eta udaleko webgunean ere ikusgai daude. Urriaren 7ra arte ariko dira Angelita eta Martzelino, eta zubietarrek eskerrak eman nahi dizkiete orain arte egindako lanarengatik.