Nafarroako Promozioko erremonte txapelketako lehen partidak Donezteben jokatuko dituzte irailaren 22an

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 20a, 15:59

Eguesibarko Udaletxean aurkeztu dute erremonteko Nafarroako Promozio txapelketa.

Ortzirale arratsaldeko 7:30ean hasita finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko bi partidak jokatuko dituzte Ezkurra pilotalekuan 

Nafarroako 2017ko Promozio Erremonte txapelketa-Magna Sari Nagusiaren aurkezpena egin dute irailaren 20an Eguesibarko Udaletxean. Bertan lau bikotek parte hartuko dute eta finalerdietako ligaxkako lehen bi partidak hilaren 22an, ortzirale arratsaldeko 7:30ean jokatuko dituzte Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. 

 

Hain zuzen, Donezteben, Erburu eta Garces, Etxarri eta Martirenaren kontra ariko dira lehenik eta Aldabe eta Barrikart, Eloy eta Azpirozen kontra ondotik.

Irailaren 30ean Olazen jokatuko dute ligaxkako bigarren jardunaldia: Erburu eta Garces, Aldabe eta Barricart-en kontra lehenik eta Etxarri eta Martirena, Eloy eta Azpirozen kontra, ondotik.

Urriaren 7an ligaxkako hirugarren eta hondar jardunaldia jokatuko dute Agoitzen: Erburu eta Garces, Eloy eta Azpirozen kontra alde batetik, eta Aldabe eta Barricart, Etxarri eta Martirenaren kontra, ondotik.

Ligaxkan lortutako sailkapenaren arabera, urriaren 12an Lekunberrin jokatuko dituzte hirugarren postua erabakitzeko partida eta final nagusia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun